Akorduan dut lehenengo gaua. Gaur baino dexente txukunago zegoen logela. Dena eder, dena bere lekuan. Armairuan udako arropa guztia: ezkerrean prakak, eskuinean nikiak. Lore lehorrak mahaiaren gainean. Argitaletxearen eta argitalpen dataren arabera ordenatutako liburuak apal zurian. Ohea zehaztasun handiz eginda. Pijama garbia burkoaren azpian. Zapatak ilaran. Arroparik ez aulkiaren gainean. Bero handia egiten zuela dut gogoan, lokartzea asko kostatu zitzaidala.
Egun dezente pasatu nituen kutxak eta maletak ekartzen, ekarritakoa non eta zelan jarri pentsatzen, mesanotxean utziko nuen liburua aukeratzen... logela guztiz neure egin arte ez nintzen lotara etorri. Benetako logela bat behar nuen. Bizitzera sartzeko moduko gela bat.
Atzo bete zen urtebete. Eta interesgarria iruditu zait, etxea nola neuretu dudan baino gehiago, etxeak nola etxekotu nauen ikustea. Ohitura berriak sortu dizkit, keinuak, isiltasunak, berba egiteko moduak... pixkanaka ikasi dut ze leihoren aldamenean hazten diren ederren loreak, zeintzuk diren beldurtu behar ez nauten zaratak. Beharbada horregatik ez dago ezer hasieran kokatu nuen leku berean. Ez liburuak, ez zapatak, ezta ni ere.