Aspaldi zapaldu gabeko kale batean presaka nenbilela gertatu da: urteetan aditu gabeko usain batekin egin dut topo. Nire aurreko bizitza bateko pertsona baten perfumea zen. Potoarekin oroitzen naiz, baina ez dut usaina deskribatzen jakin. Leuna? Freskoa? Bueno, ez dakit. Jasmina zen beste zerbaitekin. Limoia izan daiteke. Segituan biratu naiz, adineko bikote bat zen. Aterki beraren azpian zihoazen isil-isilik. Euriak perfumeak desagerrarazten zituela uste nuen gaur arte. Ez dakit andrearena ala gizonarena zen usaina. Grazia egin dit detaileak.
Gainontzeko kezkak ahaztu eta nire usain gustukoenei buruz pentsatu dut apur batean. Besarkatzen ditudan pertsonen arropa garbien usaina oroitzeko dudan gaitasunari buruz. Supermerkatuan beti usain bera duen lankide horren leungarria aurkitu nuen egunarekin akordatu naiz; etxera gerturatu eta norbait afaltzeko salda prestatzen ari dela igartzen dudanean sentitzen dudan bakearekin.
Hori du euripean, aterkirik gabe, hamaika konturekin kezkatuta, hara eta hona presaka gabiltzanean ere, arnasa sakon hartzen jakiteak: edertu egiten du bizimodua.