oihana arana

Uzta

2026ko uztailaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gosalostean izan da. Aspaldiko partez etxeko arropen gainean amantala jantzi eta ortura joatea erabaki dudanean: elefante belarrien neurriko zerbak zeuden nire zain. Ia egunero egiten dut osteratxoa: belar txarrak kendu, landareei berba apur bat egin, aurrerapenak ospatu… Baina haginetako minak hala aginduta, etxezuloan pasatu dut astebete landareei kasu egiteko indarrik gabe. Igarriko zuten eurek ere nire falta, harrigarria izan baita egin didaten ongietorria.

Gaur jaso dut lehenengo uzta. Ez da saski bete tomate eder izan, ezta azokan postua jartzeko tentazioa piztu didan ezer ere. Zerba batzuk, kalea eta pepinoak. Azken bi hilabeteetako lanaren lehenengo emaitza.

Denak hemen eta orain behar duen garaiotan, bizimodua moteltzen laguntzen dit ortuak. Zain egoten eta zaintzen jakitearen garrantziaz pentsatzeko tartetxo bat oparitzen dit egunero. Erantzun beharreko hamaika mezu, egin beharreko mila lan, itxi beharreko hamaika kontu ditut esku artean. Baina inork kendu ezingo didan zerbait ere badaukat orain: gaur gure etxeko zerbak patatekin bazkalduko ditugula jakiteak ematen didan poza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA