Hiru Literaturako Nobel saridun ditu Frantziak, bizirik daudenak eta ez direnak Akademia Frantsesean sartu: Modiano, Le Clézio eta Ernaux. Beraz, hori ezin daiteke izan Vargas Llosa bertan onartzeko arrazoia. Polemika piztu da idazle perutarrak ez baitu inoiz frantsesez idatzi. Madame Bovary-z idatzi du, eta hagitz maite omen du liburua, eta frantsesez aski ongi moldatzen da, baina horiek aski dira Richelieuk sortu erakundearen kide izateko? Ematen du eskuinekoa izateak lagun dezakeela. Norbaitek bere kokapen ideologikoa («hauteskundeetan botoa askatasunez emateak ez du axola, ongi bozkatzeak baizik») ahaztu balu, Espainiako errege ohia gonbidatu du zeremoniara.
Arretaz entzun dut sarrera hitzaldia, kontu honetan guztian galdu dudan gakoren bat harrapatu nahian edo. Bertan ni bezain txundituta topatu dut MVLL, arrazoi lokabeak eskainiz: Parisen bihurtu zela benetako idazle, edo bertan deskubritu zuela Gustave Flaubert (itzulpenen eta literaturaren unibertsaltasunaren kontra uler daitekeen egiaztapena). Gauza bakarrean bat nator don Mariorekin: frantsesa ikastean eta egile frantsesak irakurtzean «j'aspirais secrètement à être un écrivain français». Ni ere leitzen dudanaren tokikoa naiz, sekretuki.

JIRA
Vargas Llosa frantsesa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu