Kafea sutan ipini eta ordenagailua piztu dut ogiak txigortzeko behar zuen denboran. Aspaldi bihurtu nintzen gosaldu bitartean egunkaria irakurtzen duen jende mota hori. Atzo bidalitako zutabea ondo dagoela ziurtatu, besteenak irakurri eta gora eta behera ibili naiz tostadekin batera irentsiko dudan notiziaren bila. «Ziritzako zentro batek 'homosexualitatea sendatzeko terapiak' eskaintzen dituela salatu dute». Klik.
Elene Lopetegi eta Iñi Etxezarreta kide transfeministei asteon egindako elkarrizketa irakurri dut jarraian. Titularrak askoz esanguratsuagoak dira bata bestearen aldamenean jarrita. Transfeminismoa proposamen politiko integral bat dela eta indarkeria matxista bukatzeko bide estrategikoena gizon eta emakume kategoriak desagertzea dela aipatzen dute, besteak beste.
Aspaldi da ez nabilela horrelako elkarrizketek iskanbila handia sortzen duten sare sozialetan, baina intuizioak esaten dit jende gehiago asaldatzen dela sistema heterosexuala zalantzan jarri behar dela esaten dugunean, gure desagerpena aldarrikatzen duten espazioak diru publikoarekin finantzatzen direla enteratzen garenean baino.