Zahartzen ari naizela uste dut. Ez da ezer berezirik gertatu. Aspalditik daukat insomnioa. Aspalditik dauzkat ile zuriak begien gainean. Ez da horregatik. Oraindik ez dut nire belaunen soinua madarikatzen eskaileran gora noan aldiro. Oraindik ez naiz «ni gaztea nintzenean»-ka hasten anekdotak kontatzera noanean. Ez da horregatik. Ez dut zimur berririk topatu nire aurpegian. Ez dut arrandegira lotsatu gabe sartzeko formula asmatu. Ez da horregatik. Urteak dira aurreko mantala jantzita kozinatzen dudala. Urteak dira jaki gaziak aliritzira eta gozoak osagaiak oso ondo neurtuta kozinatzen ditudala. Ez da horregatik. Txokolate ilunetik gero eta zati handiagoa jateko kapaz naiz; kafeari gero eta esne gutxiago botatzen diot, baina ez da horregatik ere.
«Borrajie jateko antojue dauket» esaten harrapatu dut neure burua ohetik jaiki eta segituan. Kotxea hartu, barazki-dendara joan, eta borraja egin dut bazkaltzeko. Hori baino ez da izan. Baina uste dut badela zahartzen ari naizela sentitzeko aski motibo.