Aste osoa daramat Maspalomas filmak belarri ertzera xuxurlatu zidan galderari bueltaka: zer egingo dugu guk zahartzen garenean?
Ez dakit zahartzeak ala ez zahartzeak zerk kezkatzen nauen gehiago. Beldurtu egiten naute etorkizun posible gehienek. Baina gero ikusten ditut adineko andreak elkarren besotik paseatzen edo bata bestearen gurpil aulkia bultzatzen eta lasaitu egiten zait barruan zerbait. Ikusten ditut andre horiek gure herrietako antzokiak astero-astero betetzen, eta irribarre egiten dut beti. Ikusten ditut belaunera arteko gonak kirol-oinetakoekin konbinatuta, eta eurak agurtzeko gogoa sartzen zait ezinbestean. Ikusten ditut film bateko cruising eszenen aurrean zahar etxeko eszenen aurrean baino lasaiago, eta lotsatu egiten naiz neure harridurazko begiradaz.
Galderarentzako erantzun argiegirik topatu ez izanak buruko min handia sortu didan arren, pozik nagoela uste dut. Benetan eskertzen diot filmari zahartzaroaren existentzia aldarrikatu izana. Zahartzaro queerren existentzia.