Gure etxeko pasilloa ondo errazteko, atondoan ilaran dauden zapatilak altxatu behar izaten dira lehenengo. Apaltxoa apartatu, lokatz zatiak jaso eta ostera ere dena zegoen bezala utzi. Minutu gutxitako kontua izaten da, ez zait bereziki astuna egiten. Etxeko zati bakoitzak dauka bere koreografiatxoa, eta hau da pasilloarena.
Lan hori egiten ari naiz orain. Zapata pareak lekuz mugitzen. Aspaldi ikasi nuen domekak garbiketarako gorde behar direla. Interesgarria da oinetakoei begiratzea, uste duguna baino informazio zehatzagoa gordetzen dute euren baitan. Guri buruzko informazioa. Eurek dakite ondoen nondik nora gabiltzan, noiz gauden benetan nekatuta, zein egoerak garamatzan hanka-puntetan ibiltzera…
Zaharkituta daude nire oinetako gehienak. Aspaldi utzi zioten belaunentzat eta aldakentzat osasungarri izateari. Ez ditut botatzen, ordea. Neure gorputzaren forma hartu dutelako dela ondorioztatu dut gaur. Horregatik gordetzen ditugu etxeetan ezertarako ez diren horrenbeste objektu: gure gorputzak direlako apur bat. Eta ez delako erraza norbere bertsio zaharrekin apurtzea.