oihana arana

Zauria

2026ko maiatzaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Amantalari botoiak lotu, espartzua xaboi berdez blaitu eta zeru urdinak gorputzera transferitu didan lasaitasun muturrekoarekin ekin diot harrikoa egiteari. Kazolak eta zartaginak lehenengo, platerak eta mahai-tresnak gero, edalontziak eta katiluak azkenik. Isilik egin dut lana, eskuak ur epeletan sartzeak sortzen didan plazerari buruz pentsatzen. Azken katiluaren txanda iritsi denean gertatu da, espartzua ahotik sartu eta ondo-ondo garbitzeko biratu dudanean: ras. Ertzean daukan pitzaduraren errua izan da, ebakia egin dit. Odoletan hasi zait eskua. Odoljario infinituan. Segundo batzuk pasatu ditut harraska gorriari begira. «Zelako errex apurketan dan lasaittasune», pentsatu dut.

Shocka pasatu eta gauza praktikoak egiten hasi naizen unean lasaitu naiz berriz: ez da batere larria izan, paper batekin ongi estututa eteten den odoljario klase hori. Zauri bat baino ez zait geratu. Ideia eskas bat idazteko boligrafoa hartu dudanean, etxeko atea irekitzeko ahaleginetan nenbilenean, bolantea ukitu dudanean... berriz ireki den zauri txiki bat bakarrik.

Hurrengo pare bat egunetan berez-berez gorputz zaurgarri bat baino ez naizela gogoraraziko didan zauritxoa.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA