Neure buruaren bertsio antolatu bat existituko balitz bezala bizi naiz domeketan. Datorren asteko agenda ireki eta egin behar ditudan gauza guztiak apuntatzen ditut oharren atalean, nahitaezkoak lehenbizi eta atzeragarriak gero; ahal dudan eta idazkera ederrenarekin, daukadan boligrafo garestienarekin, txukun-txukun. Benetan da indartsua zerrendak egiteko momentua; benetan sentitzen naiz ahalguztidun.
Konturatu orduko iristen da berriz barikua eta ezer ez. Egin beharrekoen erdiak baino (kasurik onenean) ez daude eginda eta neure buruaren bertsio ez-antolatuarekin haserretu eta agenda erretzeko gogoa pizten zait. Horren aurrean neurri egoki bat izan daiteke neure buruari egin dezakedan baino gehiago ez eskatzea, adibidez. Baina ez da hori.
Kontua ez baita domekan zerrendan idatzitako gauza horiek guztiak barikurako eginda egotea. Geure buruari kaosa existitzen ez dela ikusarazteko eta dena egiteko gai garela sinetsarazteko egiten ditugu zerrendak. Eta ez dakit, zilegi da domeketan fantasiari lekutxo bat egin nahi izatea, ezta?