oihana arana

Zeru oharrak

2025eko azaroaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

1. oharra: Itsasertzetik paseoan gindoazela, idatzi dut: «Ez dakit itsasoari ala zeruari begira nagoen; aukeratu beharko banu ez dakit bietatik zein aukeratuko nukeen».

Azpioharra: Poema bat idatzi dut ohar horren ondoan: «Zeru urdina erromantizatzea / itsasoa erromantizatzearen parekoa da? Ala arriskutsuagoa? / Hildako gehiago daude uretan / zeru ertzean baino. Belarretan etzanda pentsatzen dut / itsasoa desertua bada / zerua zelai bat dela / belar moztu berria eta / ardiak hara hona».

2. oharra: «Kriston hego-haizie dabil azken egunetan» idatzi nion kanpoan zen lagun bati aurreko astean. «Zeru ederrak ekarri ditu behintzat?» esan zidan. Ez nion erantzun. Pena eman zidan ez dakit erantzuteak.

3. oharra: Triste nenbilen garai batean «zeruak hor jarraitzen du» esan zidan lagun batek. Inoiz eman didaten aholkurik onena dela uste dut.

Epilogoa: Juanpe Sanchezen Desde Las Gradas liburuko Los cielos terrestres poematik: «Bizitza ez bada zeruak ospatzea / ilargiak haluzinatzea mendiak / estaltzea arbolak abanikatzea / zer eska dezakegu orduan? / zer eska dezakegu orduan?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.