oihana arana

Zortzi pauso

2026ko maiatzaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nekatuta egin dut etxerainoko bidea, kotxeko irratia ohi baino ozenago jarrita. Ez dakit zer esan duten, nahikoa lan izan dut pijama garbia janzteko falta zitzaizkidan kilometroak zenbatzearekin. Egun luzea izan da, etxea normalean baino urrunago dagoen egun klase hori.

Alde on bat du berandu iristeak: beti dago aparkatzeko lekua. Hala izan da gaur ere. Etxe aurrean zegoen leku hutsarekin tematu naiz. Zera baino ez nuen nahi, neure buruari ahalik eta pauso gutxien eginaraztea.

Atzera-martxa sartu, bolantea biratu eta ez. Ostera ere aurrera, kalkulu arina egin eta berriz ere kale. Aurrera egin, ispiluari adi-adi begiratu, irratia itzali, arnasa sakon hartu eta ez. Ez du gura izan. Esku biak aurpegian jarrita madarikatu dut madarikagarria iruditu zaidan dena. Eta orduan izan da: oker samar, baina lortu dut aparkatzea.

Bertan utzi ditut motxila eta gainerako puskak. Atea itxi eta berokiaren txanoa janztea erabaki dut, txanoa bakarrik. Umetan bezala. Hala egin ditut atarira arteko zortzi pausoak, irribarre gaizto batekin, heldua izateak sortzen dizkidan frustrazio horiek guztiak desagerrarazten dituen kapa bat jantzi izan banu lez.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA