Zozketa baina ez loteria. Ze ederra zozketa hitza. Ia ekintza altruista moduan sartu zen gure bizitzetan, baina ondasunak birbanatzeko injustizia berritzen zuen, beste bide batzuetatik izanda ere. Erdibanatu ezin zena zozkatzen zuen amak, gero eskolan andereñoak ere. Elkarteek eta kolektiboek finantzazioa eskuratzeko modua ere izaten zen, eta, orduan, ze ederra berriz zozketa hitza. Baina tarteka ze astuna ere. Zozketa bateko txartelak saltzea tokatu zaigu gehienoi inoiz, batez ere gazteagoak ginela.
Herenegun ezetz esan nien parkean txartel sorta bat eskuan zutela hurbildu zitzaizkidan mutil pare bati. Nekez sentitzen zara ongi horrelakorik egin eta gero; horregatik pentsatu nuen berez diruztatu nahi izanen ez nukeen erakunde baterako zirela.
Zozketa gehienetan saria gutxienekoa izaten da. Baina kontuan hartu beharko genuke. Behin, aspaldiko Eguberri batean, bildots bat egokitu zitzaigun, bizirik. Egun t'erdia eman behar izan zituen etxean.
Azkenaldian bidera irteten zaizkidan zozketa gehienek nire datuak nahi dituzte, ez nire dirua. Saria gu gara, noski. Berdin ez dugu irabaziko (notarioaren aurrean egiten dira oraindik?) eta emailez beteko digute korreoa edo siestatik esnatuko gaitu saltzaileren batek.

JIRA
Zozketak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu