oihana arana

Zuloan

2025eko urriaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mendi bideetan kanadar pasabideak tokatzen ziren aldiro larritu egiten nintzen umetan. Asko kostatu zitzaidan abereak batetik bestera nahierara ez ibiltzeko sortutako egitura horiek gizakien pausoentzako seguruak zirela ulertzea. Ezinbestean irudikatzen nituen nire mendiko bota txikiak zulo horietan trabatuta. Ez aurrera ez atzera, betiko han, zuloan. Kasketarik har ez nezan, nire oina zuloa baino handiagoa zela esaten zidaten beti. Ez zegoela betiko bertan gelditzeko inongo probabilitaterik. Baina ez nintzen guztiz fidatzen eta izkina-izkinatik pasatzen nintzen, ahal nuen eta astiroen, oinak bata bestearen atzean estu-estu jarrita.

Urte askotan ahaztuta izan dudan eszena horrekin egin dut topo gaur berriz: trenbide ezezagun baten gainetik autoan igarotzeak eragin didan hiru segundoko estualdian. Eta egiari zor, uste dut ez dagoela gure egunerokotasuna deskribatzeko irudi argiagorik: dena ondo aterako delako usteak ematen digu aurrerantz joateko indarra, baina barru-barruan badakigu gure oinak zuloak baino txikiagoak izango direla beti.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.