Gaur amaituko da Euskal Herria Zuzenean. Musika festibal baten gisan definitzen duenak egia esango du; ez dela musika festibal bat dioenak ere ez dio gezurrik.
Aspaldian nahi baino gutxiagotan entzun dut musika zuzenean. Pantailek esaten digute tarteka zuzenean ari garela jasotzen kontzertu bat, partida bat, prentsaurreko bat, eta zalantzan jarri ez arren, jakin badakigu beste gezur-egia bat dela zuzeneko hori. Zuzenekoak presentziaren sinonimo izateari utzi dio, eta halere, oraindik, janzten ditugu zapatilak, egiten diogu elkarri bultza, izerditzen gara. Kontzertuen zuzenekoetan ez dago erabat argi zer dagoen idatzita eta zer den zuzenekoa: badakizu entseguak egin dituztela, abestien hurrenkera zehaztuta dagoela, zer-noiz esan ere, baina antzematen dituzu erreproduzitzen bainoago musika egiten, ez dakitenera jolasten, eta ederra da.
EHZra joan den lagun batek kanta bat bidali dit zuzenean grabatuta. Opari bat. «Zurekin gogoratu naiz» esateko modu bat da. Ez dit hori idatzi. «Abesti honek zure antza du». Ez daukat argi zer esan nahi zidan, baina nork ez du kanta baten, plater baten, gezur-egia baten antzik?