Aspaldi samarreko kontuak dira. Etxean harrapatu ninduen telefonoz, baina ez etxetik. Bere burua aurkeztu zidan deitu zuenak, ez dakit ze enpresatako langile zela eta gure herriko ekipamendu kulturalen premiei buruzko ikerketa bat egiten ari zirela eta ea prest nengoen beraiekin biltzeko. Nire ikuspegia ezagutu nahi zutela. Herriko beste kulturgile askorekin ari zirela «batzartzen», banan-banan, eta eskertuko luketeela nirekin ere bileratxo bat egitea.
Uda garaia zen, baina ezezkorik esaten ikasi ez dudanez baiezkoa eman nien. Herriko liburutegian egin genuen hitzordua. Prakamotz eta txankletekin joan nintzen ni, ezaxola itxuraz zenbaitentzat, baina puntuan. Hogeita hamarna urte inguruko bi gazte heldu ziren, trajea eta zintzurra estutzen zien gorbataz, izerditan, presaka, barkamen eske, baina berandu, nonbait aparkatzea kosta egin zitzaien eta.
Gustura egin genuen solas. Galdetegia ongi prestatua zekarten eta luze-zabal aritu nintzaien nire iritzirako herrian behar zen kultur eraikinak zer-nolakoa behar zukeen kontatzen. Harridura ere azaldu zidaten uneren batean kultur esparruko zenbat eraikin ezagutzen nituen azaleratzen joan ahala. Ez zen nire meritua. Bizibideak, bertsotan aritzeak, eraman ninduen eskualdeko, herrialdeko eta Euskal Herriko kultur-eraikin eta kultur-txoko gehienak ezagutzera. Gainera, zazpi urtez aritua nintzen Gasteizko Udalaren Kultur arloan lanean, eta hiri hartako Gizartetxeak abian jarri ziren sasoia hurbiletik ezagutu nuen. Eta maite nuen gure herria, eta maite kultura, eta emankor nengoen…
Bi gazteen alde esan beharra daukat, hasieratik argi azaldu zidatela euren asmoa: ni eta ni bezalako herritar askorekin hitz egin nahi zuten — eta ez gara gutxi gure herrian bizi garen kulturgileak, Padrón ere bertan erroldatua dagoela uste dut eta!— eta gure iritziak txosten batean bildu, Udalak horixe eskatu baitzien. Niri dagokidanez, ongi bete zuten lana.
Gerora baino ez nuen jakin enpresa hark Udalari gure iritzi eta ideiekin osatutako txostena aurkeztu ziola, eta dezenteko diru pila poltsikoratu, egindako lanarengatik. Min eman zidan beti baboarena egiten genbiltzala beste behin ere frogatzeak. Baina bere horretan hartu nuen. Batzuk besteren zigorrerako sortuak gara mundu honetara eta zer egingo zaio ba! Min handiagoa eman zidan zinegotzi baten erantzunak. Elkarrekin afaltzen egokitu ginen batean, kultur eraikin berriari buruzko txostenarena atera nion. Nola enpresa hartakoak etorri zitzaizkidan, nola eman nien neuretik nekiena, nola entzun nuen gero Udalak txosten hura garesti samar ordaindu ote zuen eta nola ez zegoen, nire ustez, horrela ibili beharrik. Pozik egingo nukeela hitzaspertu bat bitartekaririk gabe, udaleko teknikariren batzuekin eta herriarentzako zero kostuarekin. Ondorioa berbera izango zela. Aski zela enpresa hartatik deitu ordez alkate andereak deitu izan balit. Patxada ederrean erantzun zidan: «Alkate andereak ez dauka ba, lehenagoko lanik!».
Erabat harritu nau gaur ere egunkarian irakurritakoak. Zarautz, bizitza kalitateari dagokionez, Estatuko hamahirugarren herritzat jo dute Economía aplicada aldizkarian, Oviedoko Unibertsitateko hiru ikerlariren lanari jaramon eginez. Hamar mila bizilagunetik gorako seiehun herritatik hamahirugarren. Harropuzteko moduko datua, itxura batera. Bizitza kalitatea neurtzeko kontsumoa, gizarte-zerbitzuak, etxebizitza, ingurugiroa, lan-merkatua, osasuna, kirola eta aisialdia, segurtasuna, ikasketa maila eta kultura hartu omen dituzte aintzat. Kultura? Ez da izango txosten haren ondorioz burututako Kultur Eraikinarengatik, oraindik ere lehen harria jartzeko baitago eta dirua parrastaka xahutua!
Bizitza kalitate minimoa nahi duen herriak kulturgune bat behar duela iruditzen zait. Oviedotik galdezka etorri izan balira, argi azalduko niekeen. Eta azalduko niekeen, baita ere, «kultur industriak» baino oximoron lazgarriagorik ez dela, kultura bada nekez izan baitaiteke industria, eta industria bada, nekez kultura. Baina baboarena egiten segituko dugu batzuk beti, supositorioak ahotik sartuz. Eta egunen batean esaten badigute supositorioak ez direla ahotik sartzen, ahotik sartuz segiko dugu, hori bai, buruz behera jarrita.
Plazatik
Kalitateaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu