Aldatzea ez da, izatez, ez gaitz ez on. Denok aldatzen gara. Batere aldatu ez dela uste duena ere, urteak aurrera aldatu egiten da eta egokitu. Koherentzia ez dago ez naizen bezalakoa izaten segitzeko ahaleginean, ezta une jakin batean hartutako aldatzeko erabakian ere. Emandako aldaketaren logikan dago kontua. Eta emandako aldaketa zuritik beltzera edo beltzetik zurira bitartekoa baldin bada, onartu egin behar da amildegian jauzi egitea izan dela aldaketa. Eta lehen erratuta nengoela —edo orain nengokeela erratuta—onartzeko zintzotasuna izan.
Txundidura handiz —ulertu ezinaren ezinez—begiratzen diet aldaketa sekulakoak eman dituzten gure belaunaldikoei. Ikatzaren beltza maite zutenean, egiaren jabe ziren; elurraren zuria deskubritu dutenean ere, egiaren jabe izaten jarraitzen dute. Haiek non, hantxe, nonbait, egia.
Nik bezain ondo —edo hobeto— dakite horri ez zaiola koherentzia deitzen, dogmatismoa baizik.
Hitz beste
Koherentzia?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu