Korrika ez da amaitu; lasterketari bide eman dio

Inaxio Mendizabal
2026ko apirilaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Korrika amaitu dela diote. Baina ez! Ez da amaitu. Aurtengo Korrika egin edo ikusi duenak badaki bukatu bainoago iritsi egin dela. Udaberriak lur eta zuhaitzei bezala, Korrikak, Euskal Herria alderik alde zeharkatuz, Ipar eta Hegoan, zazpi herrialdeko lurralde osoan euskararen alde egiteko ilusioa piztu baitu. Ikusi besterik ez dago zabaldu dituzten irudietan, lekukoa zeramatenek zenbat jarraitzaile izan duten igarotako herri bakoitzean. Edozein ordutan edozein herritako kaleak beterik ikusi dira txalo artean korrika. Adin guztietakoen artean gazteri berria nagusi. Orain arte egindako lan eskergak sortutako ernamuinak hauspotuz Bilbo handian sartu zen azkenik, kalez-kale, euskarari leku eginez, gogoan izango dugun berebiziko ikusgarritasuna sortuz, handik bertatik lau haizeetara ezagutzera emateko Korrikaren lekukoan ondo gorderik zihoan mezu kolektibo zehatz eta garbia: Euskal Herrian euskara!

Euskararen aldeko indar erakustaldi bikaina izan da!

Lurralde osoa hartzen duen Komunitate indartsua du euskarak. Eta bere territorioan dago.

Komeni zen horrelako ekitaldi bat. Komeni da euskaraz ari garenok, ikasi nahiko luketenak, euskara normalizatzearen alde gaudenok eta daudenak, zenbat garen ikusteko eta erakusteko ere bai, elkarrengana hurbildu eta bata bestearengandik indarberritzea, kemenez eta batera aurrera egiteko.

Asko da aurreratu dena hizkuntza beraren prestaketan, eta baita beraren ezagutzan ere, hilzorian egotera iritsi zenetik.

Ez dugu ahazten, geure hizkuntzan, era naturalean euskaraz mintzatzeko eskubidea zorroztasun osoz urte luzetan urratu digutela euskaldunoi debekuz eta zigorrez. Euskal kultur adierazpen guztiak gogor eragotziak izan ziren bezala. Hizkuntzalaritzaren irakaspenak lehenagotik baitzekizkiten politikoek: «Herri bat menderatu nahi denean ez da bide ziurragorik, menderatu nahi den Herriari jatorrizko duen hizkuntza debekatu eta menderatzailearena derrigorrez ikasaraztea baino». Horixe izan da hemen aplikatu den politika. Gatazka politikoaren iturri. Eta oraindik zartaginaren kirtena ez dago gure esku.

Aurrean dugun erronka ez da nolanahikoa!

-Debekuaren eraginez, hiri handietan bereziki, euskara ikasi gabeko bertakoen kopurua.

-Lehenagoko etorkin euskaldundu gabeak.

-Biztanleria-piramidearen inbertsioa eta etorriko den migrazio berria.

-Heziketan euskararen ezagutza behar beste ziurtatzen ez duten eredu linguistikoak.

-Lan eskaintza publikora aurkezten direnentzat lanpostuei legozkiekeen euskararen ezagutza maila ezartzeko, lan eskubideak euskaldunen hizkuntza eskubideen gainetik jarriz asaldatuta altxatzen dira Espainia batuaren aldeko politikoak Hegoaldean. Eta aipatu eskakizun horiek ezartzea lortzen denean, botere judizialetik hankaz gora botatzen dituzte lan eskaintzako froga horiek, baliorik gabe utziz. Botere judiziala geldi geratzen bada berriz, oraintxu ikusi da Argia aldizkariak argitaratu berri duen informazioaren arabera, CCOOetako kargu esanguratsu batzuk nola eskaintzen dieten beraien jakituria eta laguntza, lan eskaintza publikoren batetan euskara eskakizunak ez betetzeagatik lanpostua lortu ez dutenei, froga bera salatzera animatuz, gehiegizko eta zuzenez besteko kontsideratuz. Hori da sindikatu baten langilearekiko egitekoa? Zuzenago litzateke langileari bizi den lekuko kulturara gerturatzen laguntzea bertako jatorrizko hizkuntza ikastera animatuz, bertako komunitatearen parte izanez harreman aberatsagoa bizi dezan, ezen ez eta Herri bati jatorrizkoa duen bere hizkuntza isilarazi eta menderakuntza handituko duen politiken eragile izaten bihurtu baino (Francoren politikei segida ematen?).

-Gogoan izan behar da gainera Euskal Herrian hizkuntza aniztasuna ez dela mugatzen euskara eta frantsesera Iparrean eta euskara
eta gaztelerara Hegoan. Mundu zabaletik etorritako gutxiengo ugari dago hemen jatorrizko hizkuntza gaztelera edo frantsesa ez duena.

-Sare sozialak, digitalizazioa, komunitate ttikien iraupena kinka larrian jartzen duen mundu globalaren eragin mugaezina,…

Denona da euskara. Denek dute, hala nahi izanik, euskara ikasteko eskubidea. Ondorioz baliabideak ere horren harira jarri beharko dira. Baliabideak dohainik eskaini bai, baina egin beharreko esfortzua eskatu ere bai. Heziketak euskararen ezagutza ziurtatu beharko du, ikasketak hemen egin nahi dituen edonork ziklo amaieran euskararen ezagutza ziurtatua izan dezan.

Hemen lan publikoan ari izateko ezartzen diren hizkuntza eskakizunak ere bete egin beharko dira.

«Euskara ikastea borondatezkoa izan behar du» dio askok.

Jai legoke horrela utzita, hala fede! Banaka batzuk izan litezke, maitemindu direlako edo hizkuntzak ikastea gustuko dutelako, euskara ikasten jarriko liratekeenak. Baina, normalean, Iparraldean frantsesa eta Hegoaldean gaztelera dakienak, euskara jakin gabe ez du arazorik edozein zerbitzu jaso ahal izateko, eta, derrigortzen ez bazaio, lanpostu bat eskuratzeko dela edo, hor jarraituko du harremanetan denak beragatik frantsesez edo gazteleraz mintzarazten. Zaila baita, euskararen aurka ez egon arren eta ikasi nahi izanda ere, derrigortua ez bada, ikasteko esfortzua egitea.

Zintzoki mintzo bagara, bistan da bat bederaren edo bakoitzaren borondatearen baitan ez dagoela uzterik euskara ikasteko premia!

«Euskara ez da politizatu behar», esaten digute euskaldunoi, euskaldun ez diren eta menpeko nahi gaituzten politiko askok, eta baita euskaldun
diren zenbaitzuk ere.

“Erakargarri egin behar da. Horrela bakarrik lortuko dugu jendea gureganatu eta euskara ikasten jartzea» (jarraitzen dute esaten). Borondate hutsa aski delakoan!

Noski erakargarri egin behar dela euskara ikastea eta euskal komunitatearen parte izatea, euskaldun sentiaraztea! Baina, «ez dela politizatu behar euskara» guri, euskaldunoi, esan behar digute? Ez dela ideologizatu behar? Hori jarrera baztertzailea litzatekeela? Eta gaztelera eta frantsesa inposatzeaz, tutik ez!

Esan dugu lehen euskara denona dela, bai. Baina, gauzak garbi izatea eta esatea komeni da, nahasmendutan ez ibiltzeko. Batzuk dotore
adierazten baitituzte euskara altxor preziatuena dela eta horrelako perlak, gero, praktikan, edozein berreuskalduntze planen aurrean, zerbaitetan
alde baino ere, oztopo eta traba besterik jartzen ez dutenean. Gehienez ere museo batetan nahiko lukete, erlikien pare, turistentzat erakusgarri.

Hau guztia itzulikatu beharra dago Euskal Herria euskaraz jarri nahi badugu! Eta bizkor ibili beharrean gaude. Azken hamarkadan sartu diren
joerak ikusirik, ez bagara bizkor ibiltzen aldatu beharrekoak aldatuz, gaurdanik hasita hogeita hamar urteren buruan euskararenak egina baitu.

Horregatik diogu Korrika ez da amaitu. Lasterketari bide eman dio! Ez dezala inork abesterik izan «Bazen hemen Herri bat…»

Horrek, helburua aurrera eta bururaino eramateko, herri mugimenduak indartzea eta instituzioetatik politikoen erabateko inplikazioa eskatzen du.

Soziolinguistika aplikatuaren erreminten ezagutza dutenek lukete hitza, ezarri beharko liratekeen eredu, profilak eta erritmoari buruzko irizpideak
mahaigaineratzeko, eta horren arabera politikoek hartu beharko lituzkete erabakiak.

Baina, instituziotan ditugun politikoak egiten dituzten adierazpenei erreparatzen badiegu, oso kezkati egoteko motiboak daude, ez dirudielako
euskal herritarron eskubideak defendatzeko egin beharreko politika ausartak egiteko bidetan direnik.

Kezkati egoteko ditugun arrazoiak azaltzeko hiru perla ekarriko ditugu gogora, adibide gisa. Hirurak Korrikaren inguruan gertatuak dira:

Bata. Bilbon eman zen erakustaldi erraldoiaren biharamunekoa. Komunikabidetatik Aitor Esteban, EAJko lehendakaria bera, esanaz: «Ez zitzaizkidan batere gustatu bukaeran lekukoak zekarrena idatzi eta irakurri zuten zazpi gazteak. Horiek ez ziren edozein gazte. Horiek ezker
abertzaleko peto-petoak ziren.

Horiek ez zuten ordezkatzen gure gizartearen aniztasuna. Mezu baztertzailea da». Gizartean euskararen aldekoak eta aurkakoak daude. Bai, noski! Baina, non ikusi da aldarrikapen bat egin nahi denean, aniztasuna ordezkatzen? Euskal Herria euskalduna nahi ez duenak ere esku hartu behar du aldekoek egin nahi dituzten aldarrikapenetan? Horrek ez du ez hanka eta ez bururik!

Bigarrena. Gorago aipatu dugu Argia-k CCOOekoei buruz atera zuen afera. Afera horretan parte zutenek prentsaurrekoa eman zuten beraien jokabidea arrazoituz eta justifikatuz, eta erantsi Korrikan parte hartzekoak zirela baina AEK-ko arduradunek galarazi egin zietela bertan parte hartzea. Horretan ere, gehiago ere izan ziren, baina Komunikabidetara atera zen Aitor Esteban bera, Korrikaren aldetik jokabide baztertzailea izan zela salatuz.

Geroago jakin zen gainera Korrikak ez ziela debekurik jarri, baizik eta aferari buruz argitaratutakoari sinesgarritasun osoa emanez, hor azaltzen zen jokabidea ez zela bateragarri CCOOek hartuta zeukan km-arekin Korrikaren alde bailiran Herriaren aurrean azaltzea. Kexua adierazi zitzaien. Zer gutxiago! Aurka ari eta aldeko agertu nahi?

Itxuraz, ez zuten damurik agertu, ez eta gehiago ez zutenik egingo esan ere. Kexuaren aurrean beraiek erabaki bide zuten Korrikan ez parte
hartzea eta baztertuak bezala azaltzea. Prentsaurreko horrek gainera, ondorioz, PSEren beste prentsaurreko bat ekarri zuen CCOOen bazterketa salatuz PSEk ere hitzartua zuen parte hartzea bertan behera uzten zuela adierazteko.

Hirugarrena. Gustuko ez diren argazkiak, zenbaitentzat mingarri, azaldu zirelako Korrikaren ibilaldian, hautsak harrotu dira. Politika eta ideologiak ez direla nahastu behar euskararekin, euskara denona dela, etab. errenkadan jarrita aritu dira mikrofonoa guri-guri jarriz. EAEko gobernuko lehendakariordea ere, Ibone Bengoetxea EAJkoa, atera da ETBn argazki horien aurka, elkarbizitzari ez diotela onik egiten eta gizartearen aurka doazela esanez. Gehituz, Korrika eta AEK-koekin urgentziaz bilduko dela analisi partekatu bat egiteko, horrelakorik ez dadin gehiago errepika.

Ez dira horrela aztoratzen bestaldekoak mintzen dituztenean!

Non sartu ziren Euskal Autonomia Erkidegoan Espainiako ordezkari den PSEko Mari Sol Garmendiak milaka euskal herritar torturatu dituzten Guardia zibilak Gasteizko kaleetan Día de la raza hispana ospatzen ari zirela ohoratu zituenean, esanez bazela garaia gure askatasunaren babesle eta zaintzaile den gorputz sakrifikatu hau, kuarteletan ezkutatu gabe, herriko plazetan omenduak izateko?

Zein errelato ari dira gizentzen?

Ba, aipatu hiru adibide horietan horrela mintzatu direnak EAJ eta PSEko kargu gorenak izan direnez, gogoan izanik EAEko gobernua bi partidu
horiek sostengatzen dutela, Jaurlaritzako parlamentuan gehiengo osoa edukiz, zalantzati eta kezkati izateko motiboak sobera ditugu.
Euskarak, bizirik iraungo badu, euskal komunitatea behar du bere territorio osoan, euskararen eta euskal kulturaren sostengu. Ezin dira euskaldunon hizkuntza eskubideak beste zenbait eskubideren menpeko ezarri. Ezin da jokatu hemen euskal komunitatea bizirik ez balego bezala. Joko tranpatiak albora utzi eta karetak eranzteko ordua da.

Gauzak honela, esan genezake Euskalgintza Korrikarekin hartu duen abiadari segida emateko moduan eta premian dela, lupak eskutan, kaleak eta parlamentuak argi berriz argituz Euskal Herriari dagokion bidea irekiz, euskaldunago, batuago eta zoriontsuago izan gaitezen.

Ez gaude Ia guriak egin du… abesteko tenorean!

Gora Euskal Herria askatuta! Eta Gora Euskal Herria euskalduna! Ez da politika. Errealitatea da. Euskalduna ez bada, zertarako Aberria?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA