Pasa den urtarrilaren 3an AEBek Venezuelaren aurka egindako eraso inperialistak, bertako gobernua diziplinatzeaz gain, bestelako helburu batzuk ere izan zituen, besteak beste Kubari xake-matea ematea. Izan ere, negoziazio-estortsio eszenatoki berrian Etxe Zuriaren baldintzetako bat Kubarako petrolioaren esportazioa guztiz ixtea izan zen.
Trumpismoaren geopolitika berria. Venezuelaren eta Kubaren aurkako erasoak ebaluatu behar dira zentzu geopolitikoan ere, eta ondorioz, Trumpen gobernuak diseinatutako bide orriaren barruan kokatu behar ditugu. Ezin dugu ahaztu 2025eko abenduan AEBetako Segurtasun Nazionalaren Estrategiaren egokitzapena egin zela, eta horrek estrategia geopolitikoaren birkonfigurazio erradikala ekarri zuen.
Estrategia berriaren arabera, AEBak onartzen hasi dira munduko hegemonia galtzen ari direla eta ondorioz haien kontinentearen kontrola bermatzea erabaki dute. Ordena polobakar zaharretik ordena multipolar berrira pasatuko litzateke, non potentzia bakoitzak bere eragin eremuan gauzatzen duen bere nagusitasuna. Ordena berrian AEBek onartuko lukete Txina eta Errusiaren nagusitasuna haien eragin eremuetan eta aldi berean Washingtonek bere atzeko patioaren kontrola bermatuko luke. Latinoamerikari dagokionez, horrek esan nahi duena da XIX. mendeko Monroe Doktrina XXI. mendera egokitzea. Horregatik, planifikazio argi bat dago kontinenteko mapa birdifinitzeko eta otzanak ez diren gobernuak menderatzeko, Kuba izanik horietako bat.
Egungo erasoaren nondik norakoa. Joan den otsailaren 6an Kubako presidenteak, Miguel Diaz-Canelek, jakinarazi zuen herrialdeak ez duela petrolio tanta bakar bat ere jasotzen abenduaren 3tik. Egoera honetara heldu da Trumpen gobernuak hartutako erabakien ondorioz: alde batetik, erregaiaren ontzi-blokeoa eta petroliontzien bahiketa; eta, bestetik, azken egunetan egin dizkien mehatxuak hainbat herrialderi (Mexikori bereziki). Gogoratu behar dugu, Venezuelako horniduraren murrizketa, azken urteotan, Kubak ordezkatu zuela, partzialki, Mexikoko petrolioarekin.
Azkenengo erasoa baino lehen egoera latza zen; izan ere, urte hauetan itzalaldi luzeak pairatzen ari ziren blokeoaren gogortzeagatik eta Venezuelak jasaten zuen setioagatik. Horri aurre egiteko, energiaren ekoizpen nazionalari bultzada eman diote, eta hazi egin den arren (bereziki energia fotovoltaikoa eta petrolio nazionalaren ekoizpena), horrekin ez dira bermatzen uharteak dituen beharren erdiak ere.
Neurri kriminal hauek guztiek helburu nagusi bat dute: Kubako erregimen politiko-ekonomikoaren eraistea eta erregimen neokolonial baten inposizioa. Karibeko irlaren biziraupenak jarraitzen du izaten AEBetako inperialismoaren porrot handiena kontinentean
Orain, 0 tanta-ren egoeran, ondorioak are latzagoak izango dira eguneroko bizitzan: etxeetan, ekoizpen sisteman, ongizate sarean (eskolak, ospitaleak, garraioa…) eta sektore estrategikoetan (turismoan, adibidez). Azkenengo hau, garrantzitsuenetakoa izanik, 2018ko bisitarien errekorretik (4,7 milioi turista) pasatu da datu baxuenera joan den urtean (1,8 milioi). Egun hauetan, turista gehien bidaltzen duten bi herrialdeak (Kanada eta Errusia, hurrenez hurren), hegaldiak bertan behera uzten ari dira Kubako aireportuetan dagoen erregai faltagatik.
Helburu historikoa. Neurri kriminal hauek guztiek helburu nagusi bat dute: Kubako erregimen politiko-ekonomikoaren eraistea eta erregimen neokolonial baten inposizioa. Karibeko irlaren biziraupenak jarraitzen du izaten AEBetako inperialismoaren porrot handiena kontinentean. Izan ere, Kuba ez da soilik iraultza sozialista garatu zuena haien muturraren aurrean (90 miliara/145 kilometrora), Kuba ere bada menderatua izan gabe denbora gehien daraman herrialdea kontinente osoan. Kuba da Espainiako kolonialismotik ihes egin zuen azkena (Puerto Ricorekin batera), 1898an, eta denbora gutxien egon dena AEBen kontrolpean: soilik 60 urte inguru (1999tik 1958ra). Gainera, gaur egun badaramatza 66 urte (1959tik 2025era), hau da, urte gehiago, proiektu nazional, burujabe eta antiinperialista aurrera eramaten. Hau guztia onartezina da inperialismoarentzat.
Duela hamarkada bat irekitako eszenatokiak, Obama presidentearen garaian, pentsarazi zigun jende askori garai berri bat hasiko zela bi herrialdeen arteko harremanari dagokionez, mende erdiko etengabeko eraso bortitzaren ostean. Zoritxarrez, berehala konturatu ginen anomalia historiko bat besterik ez zela izan. 2018az geroztik, Trumpen lehenengo agintaldiarekin erasoaldi inperiala erreaktibatu eta erradikalizatu egin zen (250 zigor neurri inguru ezarriz), eta Bidenek (Alderdi Demokrata) gehienak mantendu zituen.
Orain, Trumpek, bere bigarren agintaldian, jauzi kualitatibo bat eman du guztiz itotzeko irla, itotzeagatiko heriotza bilatuz. Bien bitartean, Kubak erresistentzia hutsetik haratago, erresistentzia sortzaileari eutsi behar dio, Diaz-Canelek esan duen bezala. Azken urteotan egin diren aldaketak trantsizio energetikoari dagokionez segur aski ez dira nahikoa izan, eta gainera, belaunaldi gazteen konpromisoa ez da belaunaldi zaharrena bezain tinkoa, baina etorkizuna ez dago idatzita eta 90eko hamarkadaz geroztik Karibeko irlak bizirauteko eta erresistentziarako erakutsi duen gaitasuna miresgarria izan da. Erronka kolosala da oraingoa…