Alazne Arruti Bengoetxea.
GAUR GERO

Kultur dealers

2017ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Garraio publikoan bidaiatzean zakutoan libururik ez daramatenentzat, alboan ezagunik ez, mugikorrean barneratu nahi ez eta hizketarako gogo askorik ez duten bidaidez inguratuta daudenentzat badira sabaitik zintzilik pantailatxo batzuk. Berri laburrak, hurrengo geltokiaren izenaz etengabe tartekaturik errepikatzen dira eta maiz, zerbait berria irakurtzeko esperantzaz baino aro digitalaren kutsaduraz begia gainetik aldentzea nahi baina gehiago kostatzen zaionik izango da.

Denetarik leitu daiteke. Bisigu eguna izan da Orion. Azpeitia, Zumaia, Getaria eta Zarautz zeharkatzen duen autobus turistikoa martxan jartzear da. Futbolari berrien fitxatzeak puri-purian daude eta lantzean behin, orotariko asmakizunen tartea ere izaten da.

Baina gaurkoan kultura da hizpide. Herritarren artean sormenerako eta pentsamendurako gune bat irekitzea helburu, Gipuzkoako 20 kokaleku baina gehiagotan txartel-makina batzuk kokatu dituzte. «Kultur Dealers», «Mikrokontakizunen indarra» irakur daiteke letra larriz 2 metro altuko makina urdinen azaletan. Foru Aldundiko Kultura Sailak sustatutako ekimen hau, bigarren urtez jarri da martxan eta 200 egile inguruk hartu dute parte. 300 testuen artean 83 izan dira hautatuak, 60 gaztelaniaz eta 23 euskaraz. Zenbait frantses eta ingelesera ere itzuli dituzte. Bada aldea.

Proiektu kuriosoa iruditu zait. Noiz edo noiz otu baitzait niri ere kafetegiko mahaian nagoela, musuzapia hartu eta hurrena datorrenarentzat zer edo zer idatzita uztea. Noiz edo noiz, makurtu bainaiz lurrean bueltaka dabiltzan erosketa zerrendak atzematera. Eta halako batean, liburu ezezagun baten orri tolestu batekin egin izan dut topo. Halakoak eskuetan hartu eta destolesten ditudanean zeharkatzen nauen zirrara gozagarria iruditzen zait. Eta makina hauen bitartez hori sortzeko gai badira, bejondeiela.

Berria irakurri eta egun gutxira iritsi da nire unea. Orioko tren geltokira heldu eta han topatu dut kaxa urdina. Ordu laurden inguru falta da. Mesfidati hurbildu naiz. Hizkuntza, fikzioa edota pentsamenduaren artean aukeratu eta inprimatzeko agindu diot. Baina botoi argiztatuak itzali eta ez da ezertxo ere kanporatu. Aukeraketa bigarren aldiz berregin dut presati. Alferrik. Zirrararik ez eta 13 minutu luze aurretik. Momentuz, Garoñaren behin betiko itxierarekin konformatu beharko dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.