Laikotasunari buruz gogoeta batzuk

2015eko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Larousse-aren arabera, «Eliza irakaskuntza eta erakunde politikoetatik baztertzen duen sistema da laikotasuna». Dakusagunez, Erlijioaren ordez Eliza jartzen dute, ez beste erlijio baten eraikina. Frantziako laikotasuna ezarri zelarik, 1789ko iraultzan eta 1905ean alegia, Erromako Eliza Katolikoaren monopolioaren kontra izan zen bereziki. Salbuespen bat hala ere Alsazia eta Moselan; Eliza eta Estatua ez banantzea baldintza bat izan zen alsaziarrak Frantziara itzul zitezen, eta Frantziako jakobinismoak arrazoi estrategikoengatik hori onartu zuen.

Hasieratik banatzen dira Islama eta Kristautasuna: Kristautasuna estatu boteretsua eta egituratuta zegoen Erromako Inperioaren bazterrean sortua zen; Islama, aldiz, leinu etsaietan banandurik bizi ziren arabiar artean. Kristautasunak ez zuen estatu-egiturarik sortu, baizik eta zegoena bereganatu zuen; Islamak, aldiz, fede berri batez gainera, sistema soziopolitiko bat eman zion arabiarrei. Horregatik laikotasuna errazagoa da herri kristauetan, herri arabiar musulmanetan baino.

Laikotasuna ezarririk, ika-mika nagusiak Eliza katolikoaren eta Estatuaren artean gertatu ziren, musulmanak kolonialismoaren menpean zeudelarik. Frantziar arruntak islamari edo kultur arabiarrari buruz egindako olgak ez ziren arrazistatzat joak, eta joan den mendeko gerletara musulmanak iharduki gabe joan zitezen, meskitak eraikitzea onartzen zuten agintariek.

Herri arabiar musulmanen birjabetasunarekin batera, Islamaren baloreen berreskuratzea gertatu zen, baita integrismoa ere, zoritxarrez, eta Islamak laikotasuna ezagutzen ez duenez gero, talka egiten du Frantziako lege laikoekin.

Lehenik Islama eta Islamismoa bereizi behar direla esan behar dugu, Islama erlijioa dela, eta islamismoa islamaren interpretazio erradikalago bat.

1905etik bihundu egin dira Frantzian Eliza eta Estatuaren arteko kalapitak. Eskola laikoetan erlijiozko klaseak ematen dira libreki, eskatzen dutenentzat, eta Elizak hala manatzen zuelarik, ostiraletan denentzako arraina zerbitzatzen zen eskoletako jantegietan; musulmanentzat eta juduentzat txerrikiaren ordez beste okela bat ematen zen; baina halal haragiaren arazorik ez zegoen. Leku guztietan, apezek, fraideek eta serorek euren kongregazioen jantziak zeramatzaten soinean arazorik gabe. Estatu eta Elizako eskolen artean adostasunezko itunak egin ziren.

Musulmanekiko arazoak gertatu ziren 1990. urtean, neska musulmanei buruko zapiaz jantzita eskoletara joatea debekatu zitzaielarik. Zoritxarrez, eskuin muturrekoek iradoki zutena pixkanaka lege bat bihurtu da, eta beste erlijioei ez dagokielarik, estigmatizatuak sentitzen dira Frantziako musulmanak. Muturreko islamistek ekimen batzuk egitera eraman ditzake, zalantzarik gabe, lege berri horiek. Benetako laikotasunaren arabera, Estatuak erlijioaren gauzetan ez sartzea derrigortu beharko luke, pertsonaren bizia eta duintasuna errespetatzen duten heinean zalantzarik gabe. Estatu laiko batean, Estatuko legeak erlijioarenak baino indar gehiago ukan behar du.

Nola erlijioaren integrismoa ekidin behar, hala laikoa baztertu behar dugu. Laikotasun gehiegik Frantziako Estatuan laikotasuna hil lezake. Laikotasunaren izenean, igandeetan lan egin beharko genuke, santuen izena dakarten herri eta kale guztiak berrizendatu beharko genituzke… eta halako abar luze bat. Baina horrelako gizarte batek etorkizunik ez lukeelakoan nago, gizaldiaren aberastasuna eta aniztasuna ez baititu aintzakotzat hartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.