Lanpostuen suntsiketa irrati publikoan

Xabier Garcia Ramsden,, Begoña Yebra Isasi, Jon Bilbao, Fernandez de Nograro, Loreto, Larunbe Lopez
2014ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Eusko Irratiko (Radio Euskadi, Euskadi Irratia, Radio Vitoria, Euskadi Gaztea, EiTB Irratia) inoizko audientzia daturik onenak izan behar zuten azkenengoek poz mikaztua ekarri dute. CIES neurketa etxeak jakinarazi du: Eusko Irratia lider da (504.000 entzule Hego Euskal Herrian). Bitartean, goi bulegoetan sekulako lanpostu murrizketa adosten ari ziren jende aurrean enpleguaren aldeko aldarria egiten dutenak. Hortaz, audientzia bikainekin ez du zerikusirik enplegu suntsiketa honek.

Soka luzea ekarri duen honek kontratazio moduetan du oinarria. Desagerraraziko dituzten 79 lanpostuetan gauden langileok bide ezberdinetatik sartu ginen; bekadun izan eta ondoren kontratatu gintuzten gehienok. Zuzendari Nagusia Iñaki Zarraoa zela sartu ziren denborarik gehien daramatenak. Gainontzekoak, Andoni Ortuzarren garaian. Kontratazio modua gorabeheratsua izan zen. Latzena, ziurrenen, 2003an autonomo izatera derrigortu gintuztenean. Hor jakin genuen gure lankideek zituzten eskubideak (prestakuntzarako, opor ordainduetarako edota gaixoaldietako egun ordainduetarako) ez genituela, baina bai lan eta zeregin oro. 2009an ofiziozko Lan Ikuskaritzak eta epaile batzuek kontratu horiek lege iruzurra egiten zutela ebatzi zuten eta orduko Zuzendaritzak erregularizatu behar izan gintuen. EITBren kudeaketa txarraren ondorioz lau miloi euro ordaindu behar izan zituen (EAEko hiritar guztiok ordaindu behar izan genuen) isunetan.

Orduan, adibidez (eta ez langile autonomo ginen garaian horretarako eskubiderik ez baikenuen) beraien buruak euskalduntzen ari ziren langileak euskarazko klaseak egoitzan jasotzen hasi ziren. Astean ordu bat. Ez denak, 79 lankideen artean badaudelako euskaraz bizi eta lan egiten dutenak; badaudelako aspaldian euskara titulua dutenak. Eta badaude ere bere euskalduntze prozesuan jarraitzen dutenak. Ez EITBri esker. Izan ere, euskalduntzeari dagokionez erdal kateetan egindako ahalegina hutsaren hurrengoa izan da. Duela bost bat urte bere lehenengo Euskara Plana onartu zuen EITBk. Bai, lehenengoa. Hutsal eta antzu jaio zen, egitasmoa sortu zenetik garatu gabe dago eta. Euskalduntze planik ez dago Eusko Irratian. Eta hala ere, euskaraz ez zekiten langileak euskara ikasten aritu izan dira, eta ari dira. Euskararen aurka gaudela ere esan izan da. Irainez irain eraikitako errezelak errealitate gordina ezkutatu nahi du: lanpostuen murrizketa izugarria.

79 lanpostu eta Eusko Irratian bete ez diren jubilazioekin 95 bat lanpostu dira. Horiek denak desagerraraziko dituzte, eta trukean 49 lanpostuetarako deialdia egin dute. Batuketak eta kenketak argiak dira. Lan murrizketa demasakoa dator. Inoiz izan den lan desegite honen aldeko botoa eman zuten apirilaren 29ko Administrazio Kontseiluko bilkuran. Bereziki mingarria egiten zaigu langileen alde egon beharko lukeen sindikatu batek enplegua suntsitzearen aldeko botoa ematea. Batik bat, Eusko Irratiako gehiengoa aurka zegoenean.

Hezurretan dagoen irratia anorexiko utzi nahi dute. Gaur-gaurkoz ez dago ia ordezkapenik, eta plantillak erabat estututa daude. Egin nahi duten suntsiketa honekin ezinezkoa izango da irrati eredu honi eustea. Egunero-egunero irratia egiten dugu eta badakigu. Irrati nazionalak erabateko aldaketa izango du. %20ko plantilla gutxiagorekin ezin da irratia egin. Tira, bai, badago modu bat: pribatizazioa. Alegia, produktora pribatuak sartuz gero egin ahal izango dela. Irrati publikoaren zati bat pribatizatu behar al da?

Kontuak kontu, enplegu suntsiketa dator Eusko Irratiara. Eta nahi duten modura mozorro dezakete, baina audientzi ezin hobeak ematen dituen irratiarekin amaitzera doaz.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.