Ez nuen Instagramik, baina Facebookek esan dit Mexikon ikasketa egonaldia egitetik itzuli nintzela urte hasiera hartan. Fuerte hasi nuen urtarrila eurozentrismoari eta zuritasunari dagokienez: EZLNkoekin urte berria eta iraultza zapatista ospatzea nahikoa ez eta haien komunitateetako batean, hau da, karakol batean sartzeko eskatu nien hango kideei erreguka «mesedez-mesedez-mesedez». Kaputxagatik ez balitz haien desesperazio aurpegia ikustekoa litzateke. Handik aste gutxira, etxera itzultzean, Hego Amerikan Erasmusa egiten duen jendeari gertatzen zaion mimetizazio prozesuagatik edo, iruditu zitzaidan ideia ona zela Euskal Herrian egon zen egun horietako batean Angela Davis abordatzea —platano bat jaten ari zen bitartean— argazki bat eskatzeko. Ze klaro, a tope nengoen feminismo beltzarekin, dekolonialarekin eta abar. Orain ere ezinbestekoa da niretzat, noski, baina argi dago ez nuela ondo ulertu mobida hasieran.
Martxoaren 8aren bezperan utzi ninduen bikotekideak —gizonak—. Apirilean izan zen Feministok Prest mobilizazioa Gasteizen. Ekain horretan brigada moreak antolatu genituen herrian, eta elkarrizketak eman genituen hainbat irratitan. Orain ez genuke inola ere horrela planteatuko autodefentsa bainoago asistentzialismoa zen egitasmo bat. Uztailean bikotekide ohiarekin topo egin nuen festa batzuetan. Ni lagun —gizon— batekin nengoen. Lagunarengana hurbildu zen eta esan zion ez bazion nirekin hitz egiteari uzten aurpegia txikituko ziola. Lagunak galdetu zidan ea zer nahi nuen. Nik bikotekide ohiarekin hitz egin nahi nuela. Bitartean, kuadrillakoek begiratzen zidaten «txiki, ohartu zaitez ja» esanaz bezala. Biharamunean kuadrillakoek eutsi zioten gorputz antsioso horri. Abuztuan oporretara joan ginen zazpi lagun Kroaziara. Gure aurreneko nazioarteko bidaia izan zen. Ordutik, hamar urte dira elkarrekin joaten garela.
Jendeak arrazoi du, erabiltzen genituen argazkientzako filtroak zero aesthetic dira gaurko begietan. Zero aesthetic da, baita ere, garai hartan neraman permanentea eta munduko hiritar sasi-iraultzailearen planta. Cringea ematen dit halako harreman batean korapilatu izanak. Zero nostalgia, egia esan. Ezpaineko ezker aldeko piercing beltza, aldiz, gustatzen zait. Oraindik edukiko nuke urte horretan bertan gaiztotu eta larrialditan zirujau plastiko batek anestesia eta guzti kendu behar izan ez balit.