Gaur mende erdi (diktadorearen hatsa hozten, jendearen ilusioa berotzen) ekin zioten erretiradari. Hiru egun iraun zuen Ibilaldi Berdeak. 25.000 soldadu zirela aurretik, 350.000 zibilek lagundu zieten, Bilbo osoak. Hesiak urratu eta Espainian sartu ziren marokoarrak. Ez zituen inork tiroka hartu. Urtebete lehenago Francoren gobernuak baietsia zuen Nazio Batuen Erakundeak prestaturiko plana, zeinak Mendebaldeko Saharari autodeterminazio eskubidea onartuta, erreferenduma izango zuen errematea.
Azaroak 14 zituela sinatu zen Madrilgo Itunean, ordea, Marokoren eta Mauritaniaren esku utzi zuen Espainiak Sahara. Ameriketako Estatu Batuen atzapar luzea han ere. Hassan II.a inbasio militarrerako prest zegoela jakitun, ez zitzaien zaila gertatu espainiarrak konbentzitzea bake-bakean atera zitezen. Franco hil hurran, inork gutxik zuen indarrik Madrilen gerra kolonial bati eusteko. Gainera, aukeran hobe gasa, fosfatoa, arrantzalekuak eta abarrak Rabateko malmutzari uztea Fronte Polisarioari baino. Azken beltzean, Aljeria zuten atzean, eta atzerago, Moskuko deabru gorria. 2016an desklasifikaturiko CIAko agiriek erakusten dutenez, trukean Juan Carlos I.a zurkaiztuko zuen estatuburutza berrian Kissinger bakegile asasinoak.
Hala abandonatu zituen Madrilek «Cuencakoak bezain espainiarrak» ziren sahararrak, erreferenduma laster izango zutela aginduta. Mende erdian inork ez du zirkinik egin, ordea. Bitartean, Marokok kolonoz bete du lurraldea eta sahararrek Tindufeko kanpamenduetan egin dituzte hilobiak. Pedro Sanchezek 2022an abandonatu zituen erabat, esan gabe esaten Marokok ondo estutua zeukala negozioak, segurtasun akordioak eta immigrazio politikak tarteko. Izorratzea daukatela, alegia.
Egunotan, kezka zabaldu da ostera ere, Junts-en babesik gabe, Europako gobernurik aurrerakoiena (politika sozialen kriseilu, Palestina duinaren ukabil) labanaren ahoan dagoelako. Eskuina dator berriro. Bai, askoren aberasbide eta gehiagoren hondabide, zerrikeria hutsa da realpolitik-a. Galdetu sahararrei.