Hedoi Etxarte

«ACAB»

2025eko uztailaren 26a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Harrituta entzun nituen astelehenean Bingen Zupiriak Radio Euskadin egin zituen adierazpenak. Kontu jakina da oraintxe soinean daramadan kamisetak irakurketaren alde egiten duen kanpaina («Always Carry A Book») ez dela, jatorrian, Raimundo el Canasteroren Zazpi jauzi abestian («Bat, Hiru, Bat, Bi») dantzatzen dutenek buruan duten akrostikoa «All Cats Are Beautiful» diotenean. Edonola. Ingeleseko Bastards-ek ez du, Zupiriak aipatu «Hijos de puta» esan nahi (deigarria da kazetari publikoek Sailburua ez zuzentzea: Inglorious Basterds filma Malditos bastardos eman zuten gazteleraz). Bistan da euskarara ekartzeko zailtasunak dauzkagula, baina izan daiteke «Zakur guztiak zerriak dira», adibidez.

Gaia filologikoki dibertigarria litzateke, asteartean Gasteizen EAEko poliziak ez balu behin baino gehiagotan erabili ekainean Torrejongo (Espainia) poliziak pertsona bat hiltzeko erabili zuen teknika bera. George Floyd hiltzeko erabili zen berdina.

Urtero eta mundu osoan hiltzen du poliziak: hedabide nagusiek manifestarien izua zabaldu arren, protestei lotutako indarkeriak hiru hamarkada daramatza jaisten. Bitartean poliziak dauzkaten erakunde guztiek arma kopuruak igo dituzte. Jakina da harreman guztietan (intimitatetik Gazara) indar handiena duenak modulatzen duela talkaren intentsitatea.

Bitxia da, 2011n Patxi Lopez lehendakari zela, Arkautikoek asteartean akanpada baketsuko jendea jipoitu zuten toki berean ze lasai akanpatu genuen maiatzak 15etik aurrera. Zenbat galdu duen jende xeheak, Europa osoan, azken hamarkadan kalean lasai ibili ala aldarrikatzeko eskubidea.

Berriki, Gilles Caron-ek Ulsterren egin zuen argazki baten kontura Didi-Hubermanek eta Enzo Traversok izan zuten polemika jasotzen duen liburua argitaratu dute. Talkaren erdigunea, manifestari katolikoek poliziarekin 1969an izan zituzten Bogsideko istiluak daude. Aldea nabarmena da: manifestarien barrikaden tamaina, polizien arma eta jantzien soiltasuna. Gaurko EHko azken herrixkako aguazila Star Wars-eko gudari bat da Ulsterreko 1960etako polizia kolonialaren aldamenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.