Blanca Urgell

Aiotso

2024ko otsailaren 28a
05:00
Entzun

Gure bi lankide Bilbon 80ko hamarkadan. Liburutan, edo beharbada Euskaltzaindiaren zerbaitetan. Kontua da taberna batean euskaraz egiten poliziak entzun eta identifikatzea eskatu zietela, bai eta bietako batek aldean zeraman kirol-poltsa irekitzea ere. Poltsan tesinako fitxak zeramatzan. Orduan eskuz fitxatzen genituen testuak, hitzez hitz, eta berak han zeukan euskal hitzez betetako fitxategi oso bat.

Magiako ikuskizunetan bezala, poliziak fitxategia ireki, fitxa-erreskada amaigabetik bat hartu, zein hartuko, eta ETA fitxa atera zuen, nola ez. Hara han gure bi filologoak poliziari azaltzen euskal gramatikaren gorabeherak. «Horrezaz gain, errepara bekio, jauna, baita letren arteko punturik ezari ere». Aizu, baina sinistu egin zieten, eta joaten utzi, ez lehenago beren zuhurtasunaren arrazoia esan gabe, «Eske euliak bezala hiltzen gaituzte» zirraragarri batekin.

Berrogei urte geroago, erronka hura arrakastaz gainditu zuten filologoetako bat behar genuke norbaiti euskal eratorbidearen gorabeherak azal diezazkion, alegia, aldaketa-ren -(k)eta ez dela ETA, ezta e letra suge mozorrotu bat ere. Nago alferrik zatekeela, halere. Orduko polizia hura, detenitu edota jipoitu beharrean (inor ez ginen orduan harrituko), prest egon zen argudioak entzun eta onartzeko. Aipatu nahi ez dudan horrek, ordea, oraindik ez du «Hil bedi jakituria!» oihukatu mikrofonoen aurrean, baina gertu bide dago. Bere titulu faltsuak erretzea baino eraginkorragoa zatekeen, dudarik gabe.

Nik otsoak maiteago ditut, usoak baino, plano teoriko batean murgiltzen naizelako, akaso; dena den, herri-jakituriari men eginik eta bakoitzari berea emanik, izena aldatzea proposatuko dut. «Etxean uso (?), kalean otso». Aiotso.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.