Umetan aitarekin banuen jolas sinple bat, aitak berak asmatutakoa. Hasiera batean ez zitzaidan askorik gustatzen, baina asko maite nuen aitarekin egotea. Akorduan ditut une gogoangarriak zirela haiek, aitak bazuelako erakarpen berezia jendeak maite zuena, eta jolas momentu haiek guretzat ziren, soilik guretzat. Gurasoen etxe azpitik kotxe asko pasatu izan da beti. Bakoitzak auto kolore bat aukeratzen zuen, eta zoriaren esku uzten genuen lehia. Punturik gehien zuenak irabazten zuen. Uste dut nork irabazi berdin zitzaigula bioi. Hasieran beti gustuko kolorea aukeratzen nuen, baina gero, estrategia aldatu, eta aurreko eguneko kolorerik ohikoena aukeratzen nuen. Aitak beti kolorerik ezinezkoenak hautatzen zituen: laranja eta horia eta berde argia. Beti irabazten nuen nik. Aitari esaten nion beste kolore bat hautatzeko, eta orduan berak morea edo beste kolore ezohiko bat aukeratzen zuen.
Abuztuko azken egunetan kotxean, ospitalera bidean, bakarrik, jolasean hasi nintzen autoan. Kolorerik ezohikoenak hautatu nituen aitak irabaz zezan. Ez zen lehiatzeko asmoarekin sortutako jolasa, berarekin egoteko tartea zen. Eta da. Kotxe jolasean egiten ditut kilometroak. Irratia edo musika piztuta izan arren, ozen esaten ditut pasatzen ditudan, pasatzen nauten autoen koloreak. Gorria, urdina, metalikoa. Ez nion aitari esan jolasari ekin niola, agian hori ere esateke geratu zitzaidan. Dagoeneko aitarekin olgatzerik ez dago, eta bakarrik noa kotxean, hiri ezinezko honetan, zeinetan norabideek, kale konponketek eta auto pilaketek jartzen duten hankaz gora dena. Berdea, morea, horia.
Pisu azal ezina jarri zait bizkarrean aitaren heriotzarekin. Batzuetan hegan nabilela sentitzen dut, haizezko naizela. Besteetan, berriz, oso berunezko. Minik unibertsalena da; denok pairatu / pairatzen / pairatuko duguna. Amultsu eta goxo har zaitzala lurrak, aita.

LARREPETIT
Aitari zor
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu