maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Aitzakiak

2016ko abenduaren 14a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Mila lagun elkartu gara asteburuan Barañainen, Geure gainetik izarrak bakarrik lelopean alternatibez eztabaidatu eta gure bizitzak eta herria eraldatuko dituzten proiektuak martxan jartzeko. Hiru egun, hamabi ildo, hogeitik gora proiektu, eta bertze hamaika sentimendu, Iruñerriko behe lainoaren azpian bizitako esperientziaren lekuko. Horixe izan da asteburuak utzi diguna. Eta liburuxka bete proiektu, apaletan gordetzeko baino gehiago, herri eta auzoetara eraman eta praktikan jartzeko. Horiek, eta ondorengo hilabeteetan sor daitezkeen bertze hainbat. Hiru egunez ez da mundua aldatzen, hori badakigu. Baina gorputza sentipen onez beteta, bizpahiru irakaspen ekarri ditugu etxera han ibilitakook.

Lehena, bidearena. Zerbaiten bukaera baino gehiago, bide baten urrats garrantzitsua izan baita Barañainekoa. Tresna txikiak agian, baina aitzina begira lagunduko gaituztenak eraiki baititugu elkarlanean, eta, emaitzak baino gehiago, prozesuak utziko baitu arrastoa gure baitan. Ustez CUPeko Anna Gabrieli entzunda, eta lagun batek igandean oroitarazitakoa: agian ez dugula irabaziko, baina bidean elkar ezagutu izanen dugula behintzat. Eta hori bera bada aitzina segitzeko aski arrazoi.

Bigarren irakaspena, eraikitzearen premiarena. Elkarrekin marrazten hasitako proiektuak eskutan, haiei jarraipena eman eta gehiago sortzea baino ez baitzaigu gelditzen. Igandean aurkezturiko leloak dioen bezala, gu geu garelako alternatiba, eta, gugandik ez bada, ez direlako bertze inondik etorriko askatasunera eramanen gaituzten soluzioak. Baita helduen boteretik, kapitalismotik, patriarkatutik, espainiar eta frantses zapalkuntzatik... askatuko ere. Urrats txikiz bada ere, aldaketa posible delako, auzolanean egiten bada: horixe ikusi eta ikasi dugu hiru egunez, eta horretan sakontzea bertzerik ez zaigu gelditzen orain, ezinbertzean. Bertze guziak aitzakiak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA