Herri Ekimen Legegilea deritzo, zergatik eta «herriak» aukera duelako asmoa legebiltzarrari proposatu eta, jaun-andre txit hautatuek hala irizten badiote, ekimena lege bihurtzeko. Espainian, Konstituzio dontsuak du jasoa eskubidea eta erkidego bakoitzak, berriz, zenbat sinadura behar diren ekimena aintzat hartzeko.
Eta halaxe ekin zioten urte hasieran Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako pentsiodunek bilketari. 30.000 behar dira EAEn; 145.142 aurkeztu zituzten iragan maiatzean. Aurrekaririk gabeko izenpetzea gertatu zen, lor zitekeela pentsatu arterainokoa. Helburua, pentsio apalenak Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatarekin (1.184 euro) parekatzea. Onartzekotan, ehun mila pentsiodunek izango zuketen igoera; ia hamarretik zazpi, emakumeak. Ekimena ez zen eztabaidatu ere egin, ordea. EAJk, PSEk, PPk eta Voxek eten zioten bidea.
Bigarren saiakera sindikatuena izan zen. Bateko eta besteko prezioen aldea ikusirik eta Espainiako Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata bertoko bizimodura egokitu beharra iritzita, 138.495 firma aurkeztu zituzten irailean ELAk, LABek, Steilasek, ESK-k, Hiruk eta Etxaldek. Kalkulua ere egina zuten: 1.500 euro hilean, hamalau ordainketatan. Jaurlaritzak ere plazaratu zuen berea: 1.385. Ostera ere, hizketatu gaberik zapuztu zuten egitasmoa EAJk, PSEk, PPk eta Voxek.
Demokrazia «arriskuan» dagoela esan du herenegun Aitor Estebanek. «Tutelatua» dagoela Sanchez presidenteak. Ez bata ez bestea ari dira herri ekimenak itotzeaz. Legegilea deritzo baina ez da lege izango. Ez du nolanahiko arazo semiotikoa liberalismoak: libreak zarete baina ez dizuegu aukerarik emango. Horrexetarako dago alper-harria, bidera ateratako zokorrak zanpatzeko. Harriari, argazki polita egin zion Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu ohi Beatriz Artolazabal jeltzaleak esan zuenean 650 eurorekin «duin bizitzerik» bazegoela. 7.316ko soldata zuen berak.
Plutokrazia da baina demokrazia deitzen diote. Lotsarena, hurrengorako. Baina babes ditzagun, eskuina dator eta.