Frantses grandeur-ari zor, mugarik gabe eta euroak patrikan gabiltza, Baigorritik Antilletako DOM-TOMera. Aime Cesaire du aireportuak izena, Frantz Fanon karrikak herriz herri, eta negritudearen gurasoen berbak nongura. Aldamenean reggae eta kreole eta jamaikar doinuak nahasten diren uharte bihurriak ditu, baina Martinikak badu txukuntasun jasoagoa.
Eta kreolera, patois folkloriko bihurtua, erbaindua, han-hemenkako errepide-seinale elebidun bihurtua. Baina «mesi anpil» eskerrik asko diotsuenean, ahots hori non entzun duzun galdetzen diozu zeure buruari. Antilletan, baiki, tropikoaren izaera basan datorkizu irudia, oihan itxi mila aldiz zigortu eta madarikatua, esklabo-ontzien memoria, palmondoak, rona... baina turistentzako azukre-kainaberadiak, etxaldeak, asfalto goxo eta croissant itxura hori ez. Ayiti zen, Haiti madarikatu eta denek zigortua. Duela bi mende nagusi bera zuten koloniak, herri berean bahitutako afrikar esklaboak, zein uhartetan amaitu, haitiar errebelde miserable edo Martinikako citoyen amaitu duzu. Deskolonizazioa eta autodeterminazio eskubidea amets ederrak ziren duela mende erdi, atzean bestelakorik bazuten ere: kolonia guztietako biztanleak Europako herritar bihurtzeko, metropolien ezina. Mendetan aski odolustuta, beren bideari ekitea merkeago zen herri erientzat makuluak erostea baino. Asmatu zuen Aime Cesairek, independentzia «orain» Frantziaren mesede zela. Baina tristea da diru laguntzez aberastu Puerto Rico edo Martinikaz jakitea. Eta tristeagoa Haiti, noski.
Ez, autodeterminazioa ez da kolonia txiro eta urrunetarako soilik. Aitzitik, zinez autodeterminatzeko ezinbesteko da baliabideen burujabetza, eta oso zail dute mendetan dena kendu dieten herriei. Metropoliaren mehatxu eta iruzurrik gabe gauzatzen da. Eta gaur gutxik dugu horrelako erabaki librerako egokitasuna. Baigorrin eta Gernikan. Sarri esan dugu: independentzia beharrezkoa zaigulako ez eze, baita gai garelako ere.
Larrepetit
Antilletan autodeterminatzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu