Idoia Etxeberria.
Larrepetit

Argazkirik ez

2012ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Argazkirik ez!». Halaxe esan zion argazkilariari. Egunero ikusten zuen. Igerilekuan, jangelan. Korridorean, harreran. Kokoteraino zegoen. Eta bera ez zen famatua. Bai zera! Lanzaroten astebete pasatzen ari zen. Bere bi umeekin.

Jangelako sarreran ipintzen zituzten argazkiak. Pantaila handi hartan. Denek ondo ikusteko moduan. Haurren argazkiei Mickey Mouse jartzen zieten ondoan. Photoshop eginda. Egundoko kalapita sortzen zen. «Ama, erosi!». Umeak negarrez. «Ezetz!». Estresa kentzeko opor zoragarriak. Dena barne.

Toki publikoetan ez zaude salbu. Merkataritza zentroetan, atrakzio parkeetan. Tenerifen ere, Teidera igotzeko teleferikoan, argazkia ateratzen dizute. Igo orduko inprimatua dute. Eta markoan sartuta. Hiru euro. «Hemen egon zarela gogoratzeko». Joan-etorria 24 euro ordainduta, berehala ahaztuko zaizu!

«Argazki kamerak debekatuta». Halaxe jartzen zuen euskal enpresa bateko harreran. Espioitza industrialari aurre egiteko. Telefono kameradunak agertu ziren arte. Ezin izan zituzten debekatu. Sortzaileak beraiek ere euren arrakastaren atzaparretan erori ziren. Samsungek bere bulegoetan debekatuak ditu telefono kameradunak.

Hainbat gobernu eta erakunderen egoitzetan ere galarazita daude. Segurtasunaren izenean. Saudi Arabian aparatua bera dago debekatuta, erabilera lizunak saihesteko.

«Argazkirik ez». Halaxe du izena Change.org webgunetik bidali didaten mezuak. Sinadura eske dabiltza. Lege erreforma bat eragozteko. Erreforma hori aurrera baldin badoa, Poliziari argazkiak ateratzea debekatuko dute. Toki publikoetan. Manifestazio batean, adibidez. Jendea egurtzen. Hau da: irregulartasunak ikertu beharrean, estali egingo dituzte.

Sinatu egin dut. Atera diezaietela argazkia. Eta Micky Mouse jarri ondoan. Ea zein ipuin asmatzen duten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.