maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Arropa

2019ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Gorroto dut arropa erostera joatea. Batetik, dendetan dagoena ez zaidalako gustatzen gehienetan: unean uneko modaren arabera galtza estuegi edo altuegiak, kolore apalegi edo deigarriegiak, ezertarako balio ez dutela iruditzen zaidan akzesorioak... Are gorrotagarriagoak zaizkit diskoteka bat nola musika komertziala ozen jartzen duten saltoki erraldoi eta izen handiko horiek; urduri jartzen naute. Baina, daitort, gehien gorroto dudana ispiluaren aitzinean behin eta berriro neure burua epaitzen jasatea da: «Hau ez zaizu batere ongi gelditzen!», «Uf, ze ipurdia»... Eta azkenean haserre bueltatzen naiz, deus erosi gabe, zer eta nire gorputza ez datorrelako bat erakusleihoetan agertzen diren manikienekin; nahiz dakidan, hondartzan ikusi bezala, gorputz gutxik betetzen dutela kanon hori. Eta neure buruarekin bi aldiz haserre joaten naiz etxera, saldu didatenaren barnean sartzen saiatzeagatik, eta ez lortzeagatik gaizki sentitzeagatik.

Horrela ibiltzen naiz gero: uda heldu dela eta ez dudala galtza motzik, edo aldarrikapenak dituzten kamisetak soilik ditudala ia...

Horrelakoetan beti oroitzen naiz Fatema Mernissi idazle eta soziologo marokoar zenaz, begiak ireki baitzizkidan El harén en occidente liburu zoragarriak. Hor azaltzen du nola Marokon arropa dendara joan eta oihal zatia aukeratzeko ohitura zuten norbere neurrirako soinekoak egiteko; eta nola AEBetan ez zuen aurkitzen inon bere tamainako jantzirik, zer eta entzun behar izateraino bere gorputza ez zela egokia. Dendakoaren ustez, handiegia zen: 38 neurriaren arabera. Mernissik zioen Mendebaldeko emakumeon harema dela 38 neurria; alegia, gure presondegia. Eta herrialde islamiar batzuetan zapia eramatearen obligazioa bezain hertsagarria gure argal eta beti-gazte egotearen presioa.

Gure gizartearen ispiluari gehiagotan begiratu beharko genioke gure ipurdi ustez handiegiei baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.