Atxikitako etxe batean bizi zara. Aspaldiko ametsa bete duzu pisu txiki eta zaharreko altzariez libratu eta etxebizitza berri batera aldatu zarenean. Altzari gutxi baina modernoak aukeratu dituzu etxe berrirako. Kokatu eta egin duzun lehendabiziko gauza izan da mintegi batera joatea lore batzuk erostera. Metro gutxiko lur-saila duzu, baina lanetik kilometro gehiago egiteko prest zaude egunero, lore batzuk landatzeagatik. Hurrengoa txakurra izan da. Border Collie urduri bat. Zer da, bestela, txalet bat txakurrik gabe.
Txakurrari esker ohartu zara bakarrik zaudela auzoan. Izan ere, urbanizazioan entzuten diren hots bakarrak bere zaunkarenak dira. Hutsik daude zure kaleko etxe guztiak. Saldu gabe daude, eta ez du ematen epe motzean salduko direnik. Krisia. Zu zuhurra izan zinen, eta planoaren gainean erosi zenuen zurea. Mailegua eskuratzeko ez zenuen arazorik izan, funtzionarioa zarelako. Txakurra oparitu behar izan duzu. Ez da laketu zure etxera. Ez da laketu bakarrik egotera egun osoan. Zoratuko zela ematen zuen lanetik bueltatu eta askatzen ez zenuen arte. Eguna negarrez ematen zuela susmatzen zenuen.
Zure lehengo pisu azpian zegoen dendaren falta sumatzen duzu. Jabeek ez zuten inoiz ixten. Urbanizazio berrian ez dago dendarik, ordea, eta lanetik bueltan gasolindegi batean geratzen zara ogia erosteko. Luzea egiten zaizu bidea egunero. Hiribururako autobusak egongo zirela agindu zizuten obraren sustatzaileek. 10 minuturo pasako zela autobus zuzena. 5.000 etxebizitza egitea aurreikusia zegoen, eta ez dituzte 400 baino gehiago egin, baina.
Ordenagailuan sartu zara. Facebooketik mezua iritsi zaizu, lagun talde bateko kide izan zaitezen. Zure urbanizazioko biztanleek osatutako taldea da, eta 30 kide ditu dagoeneko. Baietz esan duzu. Pertsiana igo eta ea beste etxeren batean argia ote dagoen peskizan hasi zara. Bonbilla huts baten argia da. Kortinarik ere ez dute oraindik jarri.
Larrepetit
Atxikia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu