Hitza doi-doia nola jarri pentsatzen duen, gainontzeko idazleek nola idazten duten aztertzen duen, sorkuntzarako teknika berritzaileak esploratzen dituen, ahozkotasuna testura ekarri eta ahozkotasunari testura eman diezaiokeen, sariak jaso dituen… idazle bati esan diot oso ausarta dela. Esan nahi dut. Egia da uste dudala ausarta dela, eta egia da baita ere ez dakidala literatur kritikaz ezertxo ere. Edonola ere, esan ahal nion gustatu zaizkidala egiten dituen hitz jokoak, irudiak hitzetara ekartzeko duen abileziak txunditu nauela, edo, besterik gabe, irentsi egin dudala liburua. Baina ez, ausarta deitu diot. Barrutik atera zait, eta segituan ikusi dut bere aurpegian nekea, hori esaten lehena ez banintz bezala. Ze berak eta nik badakigu ez diodala ausardia teknikoa loriatu, gai konkretu batzuk publikoki lantzeko apustua baizik.
Eskertu dit keinua, halere, eta erantzun ni ere ausarta naizela. Solasak aurrera egin du gero, eta esplikatu du nola testuari bizia idazleak ematen dion moduan, irakurleak ere hala egiten duela ondoren: bere tokitik jaso, bere tokitik berregin. Oihartzuna egin dit barruan, nik ere zutabe onak idatzi nahiko banitu bezala, —ez dakit zein estandarren arabera— eta ez soilik polemika sortu; edo alderantziz, nik ere beharra banu bezala irakasle onena izateko —ez dakit zein ikuskariren arabera—, gero gai arantzatsuak landu ahal izateko klasean. Dikotomia horren erdian sumatu ditut askotan zenbait bertsolari eta performer ere. Gogoratzen naiz gauza bera sentitu nuela duela urte batzuk Durangoko Azokan zegoen musikari gazte bati diskoa erosi nionean. «Zein ausarta», pentsatu nuen, «bere 20 urte eskasekin, disko bakarra atera berri eta stand osoa beretzat», pentsatu nuen. Orain Euskal Herriko musikari onenetako baten gisan kontsakratu du kritikak, nahiz eta ausardiarena azpimarratzen segitzen den abesti bat ateratzen duen aldiro. Bihar ateak irekiko dituen Durangoko Azokan jakin nahiko nuke zenbat emakumek jasoko duten ausardiatik atrebentziarainoko juzgua, eta zenbat gizon txalotuko diren maisu obrak egiteagatik.