Goizalde Landabaso

Ausiabartza

2024ko irailaren 10a
05:00
Entzun

50 urtez Gisèle Pélicot-ek bizitza ohikoa izan zuen Dominique senarrarekin eta seme-alabekin. Baina 2020ko egun batean Avignon-eko poliziak deitu zion, bera drogaturik zegoela egin zizkioten bortxaketen irudiak erakusteko. Joan den ostegunean Avignon-eko epaitegian sartu zen. Begiak eguzkitarako betaurrekoetan gordeta zituen, eta, agerraldi hartan erakutsi zituen kuraia eta irmotasuna eredugarriak izan dira. «Ene baitan hondamendi eremua naiz», adierazi zuen epailearen aurrean. Ankerkeria eta terrore hitzak ere erabili zituen. Zer bestela. 70 bat gizonek bortxatu zuten, baina 51ren izen-abizenak baino ez dituzte. Publikoak dira euren izen-abizenak eta hor nonbait dituzu eskuragarri. Lotsatzeko ezer ez zuela adierazi zuen Gisèlek, eta jarrera horrekin agertu zen munduaren aurrera. Goresgarria, zinez.

Egunotan pentsatzen egon naiz gizon bortxatzaile horien bikotekideetan. Beharbada guztiek ez dute izango, baina dituztenen bikotekideek Gisèle Pelicot-en pareko klik bat sentitu behar izan dute. Klik horiek denon bizitzetan gertatzen dira, hizki larriz edo nanoz, baina gertatu, gertatzen dira. Klik hauek ausiabartza eragin dezakete, edo troka sakonak, edo beste barik gau bateko lo ezina. Argia pizteko interruptoreari ematen diozunean bezala, dena aldatzen da istant ñimiño batean. Ez da Samsa jaunaren metamorfosia bezalakorik, alegia, bizitzak denbora ematen dizula egokitzen joan zaitezen. Erabat ezberdina da. Lurrikara sakon baten parekoa da. Dena argitzen da, dena ikusten duzu. Enperadorearen larru gorritzea bete-betean, eta ezer ez da berdina hortik gora. Traumatikoak izan litezke klik horiek, bizitzaren ohiko zartakoak, baina hor, beste bizitza bat hasten da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.