Seguru asko, berak gura nahi baino gehiago ibili da jende artean Nadia Nemeh Shomaly-ren izena azkenaldian. Bermeoko alkate berria da Shomaly, Asier Larraurik kargua hartu eta hurrengo egunean dimisioa eman ostean. Shomaly bermeotarra da jaiotzez, baina ez da Ormaza, Bilbao, Uriarte, Arenaza edo Goienetxea deitzen. Hedabideek eurek paratu dute begizta. On beharrez, eta gurasoen erbestealdia azaltzeko, «palestinar jatorria» duela nabarmendu dute gertuenekoek. Hurrengoek, horrixi helduta, eta hogeita hamaika eskutik dituenaren irribarreaz, «alkate hordiak palestinar alkateari eman dio bidea» botata aurkeztu dute. Hazpegi zaleek, nola ez, zer suma egon dira: «gizon plantako» deitu diote, «Vox-eko beltza», «morokari». Kasualitatea, gazteleraz guztiek. Ez dut esan, Shomaly euskalduna da. Eta abokatua.
Hamahiru urte ditu Yann Cisse baionarrak. Athleticek fitxatu du Avironen hazitako futbolari gaztea, eta halaxe aurkeztu du aste honetan bertan prentsaren aurrean. Berehala hasi dira txantxak eta isekak, eta ez hainbeste adinagatik: «Lezama-Lezamakoa da»; «haren aitita Bilbotik igaroko zen Frantziako Imsersorekin eta hori bat dator bete-betean Athleticen filosofiarekin»; «zortzi abizen euskaldun ditu, jakina»... Beste batzuek, umorerik gabe: «ez da euskal herritar ez ezer»; «mutil honek badaki gazteleraz?, diot. Ez euskaraz dakien»; «Ipar Euskal Herria, halako gezurrik!»... Esan gabe doa, gazteleraz guztiak hemen ere; Cisseren jaiotzetiko bekatua bikoitza baita: Boli Kostakoak ditu gurasoak eta Lapurdin sortua da.
Eta hala bizi gara, probintzialkeriatik arian-arian baliorik atzerakoienak sustatzen dituen prentsak indartutako ideologiaren seme-alabak ditugula auzokide. Matxistak, arrazistak, Euskal Herriaren negazionistak... hori bai, jatorkeriaren izenean eta gehiengo izatearen inpunitatetik. Lehendik nahikoa lan ez bagenu bezala.

LARREPETIT
Auzokideak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu