Maider Galardi

Azaroa, berriro

2025eko azaroaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dut ulertzen oso ondo nola, baina berriro gertatu da. Hilero jartzen ditut egutegian ohiko lanorduez kanpoko lan jarduerak, batak bestea solapatu ez dezan. Gero, bi pauso atzera eman ohi ditut egutegia zintzilik dudan sukaldeko izkinatik hasita, datorrenaren perspektiba hobeto hartzeko. Egin dut atzera, eta erdi zorabiatu naiz zenbakiak dantzan ikusita: zazpi egun ditut kolore gorriz borobilduta, horietako batzuetan doblete eta guzti. Aurten uste nuen ez zela hainbesterako izango, ze gutxienez beste hiru ekitaldiri esan diet ezetz, baina horrela ere gaindituko nau azaroak, berriro.

Gauza bera entzun izan diet monologista, antzerkigile, bertsolari, kazetari, abeslari, ikerlari, sortzaile, eta analistei ere —emakumeak eta disidenteak denak—, nola azaroko agendak gaina hartzen dien urtero. Badirudi beste urte sasoietan ez dagoela indarkeria matxistarik, edota gu ez garela existitzen gainontzeko hilabeteetan, eta gaia desagertzen da agendatik, eta gu merkatutik, pantailatik, oholtzatik, egunkarietatik, eta pasatzen da urtea, eta hasten dira irail-urrietan berriro deitzen azaroko hitzordua finkatzeko. Eta zuk beldurra duzu ezetz esateko ez duzulako abenduko eta urtarrileko agenda oraindik erabat itxita, edo eskas joan zaizulako udara eta urtea amaitu aurretik errekuperatu nahi duzulako. Eta, ohartzerako, borobil gorriek jan dute egutegia eta zure diafragma estutu da eta digestio arazoekin pasatuko duzu azaro guztia. «Baina arazo ekonomikorik gabe», esango diozu zeure buruari kontsolatzeko.

Antsietate horri gehituko diozu, berez, badakizula feminismoarekin komertzializatzeak gatazka sortzen dizula, kideak hor daudela ostiralero azaroaren 25eko manifestazioa prestatzen, eta zu, bitartean, (hala-hola) kobratzen. Ez duzula militantzia profesionalizatu nahi, eta abar eta abar…. Behintzat ezetz esan diozu mobilizazioaren zuzenekoa egiten duen programari lagunekin kalera ateratzeko, baina… diafragman beste korapilo bat egin zaizu.

Zuri gertatzen zaizuna gertatu zait niri ere, eta berandu da orain, baina nabigatuko dut hilabete honetan ere, militanteki zaintzen nauten nire ingurukoei esker. Martxora arte dugu gero berriz honek sorpresaz harrapa ez gaitzan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.