Goizalde Landabaso

Babesa

2023ko abenduaren 5a
05:00
Entzun

Babesak, gutxienez, bi alde ditu: babestu egiten duena, batetik; eta babestua dena, bestetik. Gutxienez diot zenbaitetan babesten duena talde bat edota erakunde bat izan litekeelako. Babestua zaurgarri egoeran egon ohi da babesa behar duenean, baina zaurgarritasun mailak daude, eta hortaz, babestua izan behar duenak ez du beti babes maila bera izaten. Are gehiago, denborarekin baliteke babesik behar ez izatea. Neuri, aitortu behar dut, sekula ez zait gustatu babes ofizial izena ematea hiritargoaren diruarekin salgai jartzen diren etxeei. Aitortzen hasita, inoiz ez naiz izan etxebizitza horiek jabegokoak izatearen aldeko. Diru publikoaren babesa badute, alokairukoak izan beharko luketela uste dut, diru irabazien araberakoak betiere. Arkitekto ezagun batzuek esan zidaten honetan Viena, Austriako hiriburua, eredugarri dela. Biztanleen ehuneko altu bat udalaren etxebizitzetan bizi dela, alokairuan, eta soldataren arabera ordaintzen dutela.

Duela hilabete batzuk lagun batek pasatu zidan iragarkia: babes ofizialekoa izandako etxea salgai zegoen Donostian. 600.000 euro eskatzen zituzten. Albistea pasatu zidan lagunari esan nion orduan ea mozkinak administrazio publikoarekin partekatuko ote zituen. Ironikoki galdetu nion, eta halaxe erantzun zidan. Egunotan, berriz, ni neu izan naiz albistea pasatu diona: 450.000 mila euro eskatzen dituzte Donostian babes ofizialekoa izandako etxebizitza bategatik. Lagunak, orduan bezala, ironikoki, erantzun dit: «Mozkinak administrazio publikoarentzat». Ziurrenen, hemendik gora horrelako kasu gehiago ezagutuko ditugu. «Merkatua da», esango dute. Niri neuri onartezina iruditzen zait.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.