Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Badaezpadako horiek

2022ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Frantzian oso ezaguna da Audrey Tautou antzezlea, eta Amélie film ezagunaren ostean, 2002an batere arrakastarik izan ez zuen beste batean agertu zen: À la folie... pas du tout. Filmak zati bi ditu; batek, Audrey Tautouren istorioaren begirada ematen du. Besteak, berriz, beste protagonistarena. Filma bitxia da baina sakonean badu hizpidea ezar lezakeen abiapuntua: zer da benetan errealitatea? Gure buruan bizi duguna, besteen buruetan dagoena? Errealitatea ez ote da askoren begiradaren osteko hori? Existitzen da errealitatea? Pelikula hau etorri zait burura inguruko batek goizeko ordu txikietan kontatutako istorio bategatik. Lanera joatekoa zen oraindik ere gaua den goiz batean, eta ohiko tokian, okindegiko bazterrean, bere bila autoz pasatzen den lankidearen zain zegoen. Alboan geratu zitzaion gizon bat, zigarreta erretzen. Semaforoa oinezkoentzat libre egon arren gizonak han jarraitzen zuen, bere alboan. Bera gero eta urduriago, telefonoz deitu zuen abisua emateko. Lankidea heldu zenean harritu egin zen gizona hor ikustean, ez baitzen ohikoa. Gauza da egun horretan beharretik bueltan okindegian sartu zela bazkarirako ogia erostera, eta han egin zuela topo goizeko gizonarekin. Okina zen. Hitz egitean argitu zuten goizean gertatutakoa.

Ingurukoak kontatu zidanean jabetu nintzen zein erne gauden emakumeok. Ni ere goizeko ordu txikiegitan ateratzen naiz lanera, eta ateratzerakoan alde batera eta bestera begiratzen dut inor ote dagoen jakiteko. Baldin badago, erne jartzen nauenzerbait mugitzen hasten zait barrenetan. Gauez etxera bidean kaleak husten direnean nik ere aterabideak bilatzen ditut. Badaezpada. Norbait atzetik badator, eta gizonezkoa bada, pasatzen uzten diot. Badaezpada. Jomugara heldu arte ez naiz lasai gelditzen. Honetan okerrena da ez naizela Audrey Tautou aipatutako filmean, emakumeok normalizatuegia dugun bizipena dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.