Bizi zaren auzoan bada herri jantoki bat, asteartero, mahaiaren bueltan, adin guztietako auzokideak biltzen dituena. Lehen kolpean askok pentsatzen dutenaren kontra, ez da elkartasun jantoki bat, premia larrian daudenen elikadura beharrak asetzeko pentsatua. Prezio herrikoiak eskaintzen ditu, auzoko merkataritza sustatzen du eta elikadura ekologista du iparrorratz, bai, baina horren guztiaren gainetik, otorduak beste batzuekin partekatzea du xede nagusi. Elkarrekin bazkaltzea, hain zuzen, besterik gabe, hain xume eta hain potente.
Proiektuaren arrakastak pozerako arrazoiak bezainbeste ematen dizu bizi garen gizartearen ispilu. Egun, kapitalismoaren erritmo eroan, bazkaltzeko tarteak ere indibidualizatzen ikusi dituzu asko. Tuper batek irauten duena irauten du laneko atsedenerako tarteak, ez bada pantailaren aurrean jaten. Bitartean, Espainiako auskalo ze tokitako señoren argazkiak partekatzen ditugu Instagramen, etxeko atarian kanpinerako aulkietan jarrita, batere presarik gabe, a la fresca. Eta orduan pentsatzen duzu hura miresten badugu, ez dugulako dela.
Kontua da, azkenaldian, han-hemenka sumatu dituzula taldean egiteko jarduera ezberdinetarako gonbitak, sareetan eta email buletinetan, izan mendiko txangorako zein oporraldirako, ikastarorako zein kirol talderako. Eta horietan, jarduera besteekin partekatzea ez da zeharkako ezaugarri bat, oinarria baizik, xedea. Egizu hau jendearekin egon zaitezen, edo halako zerbait. Eta pentsatzen duzu nola egongo garen, hori bada helburua.
Bitartean, gaur egungo pandemiatzat jotzen du askok desiratu gabeko bakardadea, eta neurriak aldarrikatu eta ezartzen dira bakarrik dauden adineko pertsonak laguntzeko, pentsatu gabe, beste ia edozein arazo bezala, artatzeaz gain prebenitzea ere badagoela. Eta hori adineko pertsona bihurtu baino askoz lehenago hasten dela, indibidualismoan oinarritutako mundu honek askoz lehenagotik erasotzen baitigu.