Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Bakardadearen hari sinplea

2017ko abenduaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nor naizen gogoratzeko noa ezagutzen ez ditudan hirietara. Ez dut ahaztu zein naizen, baina egunerokotasunak jan egiten nau. Eta bazka bihurtze horretan lantzean behin zirriborro bihurtzen naiz. Horregatik gustatzen zait ezagutzen ez ditudan hiriak bisitatzea, beraiek gogora diezadaten zer naizen. Badut bi hiri zerrenda. Berriz bisitatu nahi ditudan hiriek osotutakoa, batetik. Bestetik, ordea, luzeena, ezagutzen ez ditudan hiriena. Zerrenda horretan dago Damasko. Lehengo Damasko, ez oraingo hiri suntsitu eta desolatua. Ez ikusi berri ditudan bakardadez jositako erretratu errautsiak. Daniel Freeman argazkilari estatubatuarrari, nonbait, gauza bera pasatzen zaio. AEBetako herri txiki eta lokartuak harrapatu nahi izan ditu. Gauez atera ditu herrixka abandonatuak. Bakardadearen erradiografia ederra. Gizateriak utzitako mundua da argazkiotan azaltzen dena. Edward Hopperren bakardadearen bertsio errealistagoa, zalantzarik gabe.

Olivia Laing idazle britaniarrari irakurri diodan esaldi bat ezin astindurik nabil egunotan: gizonaren bakardadea zerbait heroiko bezala ikusten dugu; emakume batena, aldiz, porrotarekin lotzen dugu. Bakardadean bizi ziren artisten gainean idatzi du liburua Laing-ek. Honetan buru-belarri nengoela sare sozialetan aurkitu dut Haizea Nuñezek kontatutakoa. Hari batean azaltzen du gure hiri modernoetan gerta dakizukeen errealitate lakatza. Bakarrik dago, ez du bikotekiderik eta amama izan ezik beste familia-kideak urrun ditu. Ospitalean da, eta nork zaindu bilatu behar izan du. Lanik ez duen lagun batek erantzun dio; lanik balu, baina, beste bati deitu beharko lioke. Gure bizitzen karabilkatzeetan galtzen garen bitartean babeserako zirkulua deusezten ari da. Zaintza berreskuratu behar dugu. Enpatia esaten dugu, baina berba hutsal bihurtzen ari da, bizitzea, egunak egutegitik kentzea balitz bezala. Eta bizitzea beste gauza bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.