Berrogeita hamabi urte daramatza Amar Bharati-k horrelaxe Delhin. Bankuko lanari utzi, etxekoei agur esan eta besoa zerurantz luzatu zuen, Shiva jainkoa goratzeko. Hala eutsiko zion bakea munduko biztanle ororentzat heldu arte. Zut, ukabila bildurik, ez omen du harrezkero jaitsi.
Gauza asko gertatu da ordutik munduan. 1973an, Sobiet Batasunean Breznev zegoen agintean eta Nixon Estatu Batuetan. Urriaren 6an, juduak Yom Kipur eguna ospatzen ari zirela, Egiptok eta Siriak Israeli eraso zioten, Sei Eguneko Gerran galdutako lurrak berreskuratu guran.
Bharatik besoa goian zuen Sabra eta Xatilako sarraskia gertatu zenean eta goian Lehen Intifadan harri tiraka aurre egin zietenean palestinar gazteek tankeei. Goian Osloko bake-ituna sinatu zenean, goian Bigarren Intifadan eta goian Zisjordania harresiaz zatikatzeari ekin zionean Israelek. Zutik Gaza isolatu zuenean eta zutik, urtea joan urtea etorri, nahiera bonbardatu izan duenean.
Gogortua omen du, idortuak kartilagoak, atrofiatua erabat zerurantz harroturiko eskaera. Nahita ere ezin omen du jaitsi orain. Ez da gutxiagorako: historia du begira.
Hamar urte zeramatzan Bharatik besoa jaitsi gabe Basem Khandakji jaio zenean Nablusen, Zisjordanian. Bake-itunaren kariaz, asteon utzi dute libre 21 urte eduki ostean preso. Morroilope egon den artean ikusi gabe izan dituen bere liburuak estutzen ageri da Khandakji argazkian, ezta umeak balitu ere. Iaz, Arabiar Fikzioaren Nazioarteko Saria irabazi zuen kartzelan zegoela, arabiar munduan den ospetsuena. Albistea espetxe barrura heldu zenean, zigor-ziega batean isolatuta saritu zuen gure gizartearen antza omen duen Israelek. Azken bi urteetan, boligrafoak, paperak, kaierak eta liburu guztiak kendu zaizkie palestinar presoei.
Khandakjik dio ez dela fio. Ona dela Gazan arnasa hartu ahal izango dutelako, baina palestinarren kontrako erasoak ez direla orain amaituko. Delhin, Bharatiren barometroak gora begira jarraitzen du, Khandakji ez dabilela oker iragartzen du.