XX. mendeko askapenaren argazki ezagunenetakoa da Ievgeni Khaldei sobietar ukrainarrak egin zuen Bandera Reichstagaren gainean igotzen. Khaldei Donetskekoa zen eta 1918an iraultza komunistaren aurkako mugimendu zuriaren jarraitzaileek egin zituzten sarraskietan hil zuten haren ama judua, beste milaka judurekin batera.
Argazkiaren inguruan liburu monografikoak idatzi dira, eta Khaldeik Leica III kamerarekin egindako 36 bat-batekoen sail osoarekin erakusketak egin dira: nortzuk agertzen dira argazkietan, hautatu zituzten? Nola txukundu zituzten irudiak Ogoniok aldizkarirako? Zergatik ezabatu zuten bandera gorria igotzen zuen soldaduari eusten zion soldaduak eskuineko eskumuturrean zeraman gailua? Erloju bat ote zen ala Adrianov konpas bat? Erlojua bazen zergatik pentsatu lapurtu zuela? Lapurtu bazuen, hain gaitzesgarria da faxismotik askatu gintuen norbaitek erloju bat lapurtzea? (Brechtek esango zukeen bezala, delitu bat da bankua lapurtzea baina are delitu larriagoa da fundatzea). Zergatik gaitzetsi argazkia hobetzeko orduan egin zituzten aldaketak eta ez gaur egun prentsako argazki guzti-guztiak?
Kontua da aurten Armada Gorriak naziak garaitu zituztela-eta haren omenezko ekitaldietan Berlingo Poliziak bandera gorriak eta dominak debekatu dituela, jendea atxilotzeraino. Bitartean, 1939an nazien alde zeuden ukrainarrei omen egiten zietenen elkarretaratzeak legezkoak izan dira. Norbaitek pentsa dezake Berlinen eskuin muturra dagoela agintean, baina ez: Mendebaldeko Alemaniak Ekialdea irentsi eta milioika lagunek eskubide sozial eta askatasun asko (tartean emakumeen eskubideak) galdu zituztenetik, ezkerra eta zentro-ezkerra egon dira hiri buruzagiko gobernuan. Hala dago gerra, hala kapitala, komunismoaren zantzu txikienari ere zirrikituak ixten, eskuin muturretik ezkerrera, gero inork antifaxismoaz aipa dezan, propio ahaztuta faxismoa garaitu bazen sobietarrei esker izan zela (23 milioi hil zituen faxismoak).
Halakoetan beti da komenigarria Bertolt Brechten testu ezagunera itzultzea: «Zertarako balio du faxismoa kondenatzeak, ez bada deus ere esaten hura sortzen duen kapitalismoaz? Halako egia batek ez du inolako erabilgarritasun praktikorik».