Joan den larunbat arratsean, honezkero eguzkiak gure etxearen eraikineko mendebaldea jotzen zuenean, beroarekin nazkatuta, kotxean sartu ginen alabak eta hirurok hotz bila. Berriozar atzean utzitakoan diesela bota genion hogeita bat urte bete berri dituen Lagunari. Irratia piztu nuen baina atzekoek euskarazko esatarien hirugarren esaldirako esan zuten: «Kendu kirola». Espainiako irrati publikoak salbatu gintuen, musika klasikoari buruzko saio bat zen, eta, tartean, Diccionario musical deitzen duten pilula, Luis Angel de Benitoren ahots estranbotikoarekin —gure kotxean asko estimatzen ditugu ahoskera eta hizkera partikularra daukaten esatariak, moldeetatik kanpo daudenak—.
Musika eskola bukatu berria zen egun batzuk lehenago eta, izerdi egiteko arrats hartan, kontzeptu kitzikagarri bat zekarren musikaren hiztegiak: gradatioa. Gainera, kontzeptua ilustratzeko musika barrokoa erabili zuen De Benitok eta barrokoak badu zerbait sinpatikoa; konposizioa goibela izan, alaia ala kezkagarria, segituan egiten dizu harrera: ulergarria da.
Vivaldiren eta Corelliren piezak jarri zituen De Benitok eta guk ez genuen ezer gehiago behar, gidatu bitartean eskua gora eta behera ari nintzen, gehiegizko pedagogismo batekin garbi gera zedin kontzeptua, azaldu nahian «gora eta behera doan errepikapen hori» dela gradatioa. Alaba zaharrak ulertu zuen, hura ere gora eta behera ari zen De Benitori jaramon eginez.
Oharkabean, De Benitok aipatu zuen sekuentzia harmonikoak pop musikan ere oso ohikoak direla, eta pianoan egitura harmoniko bat jo zuen. Halako batean, Radio Clasican abesbatza bat Aquaren Barbie Girl abesten hasi zen.
Eguzkitako betaurrekoen atzean negarrez hasi nintzen. Izan zitekeen biharamunean alabak ikusi gabe bederatzi egun egongo nintzelako. Izan zitekeen deshidratazioagatik ala kafeina baxu neukalako. Baina konbentzituta nago gradatioa izan zela, badirela egitura melodiko batzuk teklak bezalakoak direnak, zuzenean eztarria estutzen dizu eta arrazoiak ezin du ezer egin.