Iñigo Aranbarri.

Basapiztiak leziatzen

2025eko urriaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mira eginda uzten nau, ustez jira-buelta dialektikoa asmatu eta lotsarik gabe, tapa, muturren aurrean botatzeko gai den jendekerak: zuk defenditzen duzun Gazan, hilda zeundeke; han exekutatu egiten dituzte homosexualak plaza erdian.

Polita da jolasa, nahita eteten baita ondorioa, hain da bihotz gabea. Baina, berez, jarraipen logikoa du: horrexegatik bonbardatzen ditugu plazak ez ezik, ospitaleak, eskolak, janari-banaketa guneak, etxebizitzak eta egiak. Horrexegatik hil ditugu haur, gazte, heldu zein nagusiak, kasik 70.000ko kopuru polita osatu arte, oraingoz.

Deus gutxi ulertzen duzue genozidioa obratzen ari garela diozuenok. Palestinan, zibilizazioaren defentsan gabiltza, Mendebaldearen balioak zabaltzen horrela. Barbariea genuke nagusi bestela, Erdi Aroa bera Europa atarian. Eta horrela, Joseph Conrad-en Ilunpeen bihotzean nobelako Kurtz boli-merkataria da Netanyahu, Coppolaren Apocalypse Now filmeko Brandoren pertsonaia bera: «Suntsitu basapizti guztiak!».

Aime Cesaire martinikar idazle eta politikariak azaldu zuen ongi 1950ean zertan den hau guztia Diskurtsoa kolonialismoaz argigarrian. Europarrek, dio Cesairek, pertsona gisa hartu beharreko arduratzat izan dute kolonialismoa. Eta ezinbesteko lantegi lurralde okupatuetan eragindako gerrak eta gezurrak; guztiak beharrezko europar zibilizazioa zabalduko bazen. Oro gaitz erdi, harik eta egun batez, europar burgesa izuak gogortuta geratu zen arte nazien biolentzia etxean ikusita. Ohartu gabe, haien biktima izan aurretik, nazismoaren logika beraren babesle eta konplizea izan zela; hori bai, Europa zuritik lekora betiere.

Ez da gertaera solteen bilduma historia. Ezin uler litekeen moduan juduen kontrako Holokaustoa zuriek Ameriketan zein Afrikan eragindako genozidiorik gabe, zaila da nazien garbiketa supremazistaren arrastorik ez aurkitzea ia Israelen sorreratik bertatik palestinarrak jasaten ari diren etengabeko umiliazioan, bazterkeria sistematikoan eta sarraski teorizatuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.