Blanca Urgell
LARREPETIT

Bat bera ere ez

2023ko azaroaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Umetako liburuak amaitu nituenean, saloiko apalak aztertzen hasi nintzen bazka bila. Liburu gutxi, II. Mundu Gerrakoak nagusi. Aurrenik itsaspeko ontziez ziharduen bat irentsi nuen: U-Boot-ak eta.Kariñoa hartzen nien alemaniar marinel sakrifikatu zintzoei. Kontzentrazio-esparruetakoak xeheki eta gordinki kontatzen zituen libururen bat edo beste ere etorri zen gero, baina bazen han liburu potoloago bat, noizbait beldurra galdu niona, Larry Collins eta Dominique Lapierre-ren Oh, Jerusalén (1972).

Esango nuke aita zenak ez zidala utzi behar halakoak irakurtzen, baina agian ez zen konturatu, gaixoa, noraino hel zitekeen trantze hartan bakarrik utzitako nerabe hura. Liburuko argazki batean Kfar Etzion kibutzean Arabiar Legioak harrapatutako judu gazteaz maitemindu nintzen, eta juduez eta judaismoaz pila bat irakurri nuen harrezkero.

Euskal munduan sartu nintzenean, gainera, Israelgo estatuaren lagun eginak ziren «modarenjarraitzaileak», «hebreueraren mirarizko berpizkundea» zela eta —Jon Miranderen (1959) hitzak dira—, Xabier Kintanaren Ta Marbuta. Jerusalemen gertatua polizia-eleberri batere ez txarra (1984) lekuko.

Lehenengo Intifada etorri zen gero (1987), eta abar luze, sakon eta izugarri bat. Agertu, desagertu, gaia beti hor egon da. Hazi naiz, hezi naiz. Entzun diet nire lagun musulmanei, eta begiakditut egunotan gertatzen ari dena ikusteko.

Honegatik, Mirandek bezala, baina arrazoi ezberdinengatik, gaur «askoz umilago den mintzaira baten berpizkunde askoz isilagoaz» hitz egin nahi nuen. Saiatu naiz zelta hizkuntzei buruzko artikulu zuhur baten laguntzaz. Halere, barruak argazki hura dakarkit gogora noraezean.

Isilik ezin gelditu. Hitzik egin ere ez. Akaso otoitz egin nezake: NBEk su-etena lor dezan, bahituak etxera itzul daitezen eta, oroz gainetik, ez dadin bonba gehiago jausi palestinar zibilen gainera. Bat bera ere ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.