Iñigo Aranbarri.

Bat gutxiago

2026ko martxoaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oldean datoz erabakiak. Hilaren 31n jai da Arizonan, Mexiko Berrian, Minnesotan, Missourin, Michiganen, Wisconsinen eta, batez ere, jai handia Kalifornian. Gobernuaren bulegoak zarratu ohi dira, bankuak eta ikastetxeak oro. Cesar Chavezen jaioteguna ospatzen da, eta nola. San Frantziskoko Mission auzoan desfile handiak egiten dira, agintarien hitzaldiak, azoka koloretsuak eta musika emanaldiak. Ez zen edozein Chavez: AEBetako nekazarien sindikaturik handiena sortu zuenetik, eskubide zibilen apostolu bihurtu zen. Eta ez nolanahikoa: berea da «Yes, We can!» leloa. Albistea atera denetik, ordea, dena da presa. Fresnon, berehala estali dute gizonaren eskultura; nahinon dihardute haren izena kale eta eraikinetatik erauzten eta martxoaren 31 ez da gehiago Cesar Chavesen eguna izango, ezpada Laborarien Eguna.

Asteazkenean, 60 urteko isilunea eten du Chavezekin batera UFW sindikatua sortu zuen Dolores Huertak. Burkideak bitan bortxatu zuela salatu du, bi haur izan zituen ezkutuan. New York Times-eko Miriam Pawel kazetariaren urteetako ikerketak zelaitu omen dio bidea. Chavez gizonaren biktima gehiago azaleratu dira, umeak tartean. Liderretik zuena munstrotik zuen. Akabo jatorri apaleko herriaren mito handienetakoa, noiz eta Trump euren ehizan dibertitzen ari denean.

Urteetako borroka gizonarekin itzal ez dadin, argia erantsi dio Huertak salaketari: «Laborarien mugimendua beti izan da edozein gizabanakorena baino garrantzitsuagoa». Eta horra soluzioetako bat minetik, ezen zerrendak eta disgustuak ez dira hemen etengo. Eroriko da mito gehiago, eroriko zaizkigu gertuagokoak ere. Eta nahitaez, hoztu beharko dugu gizon handiak idolo bihurtzeko tentazioa. Ez da oraingoa: erabateko etsipenean eror ez gaitezen, hobe dugu begirada zuhurragoa lantzen ikasi mugimendu sozial edo artistiko bihotz-pozgarriekin mozkortzen garenean. 

Iraultza etxe barruan ez da eta, dirudienez, berehala hasiko.    

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!