Iñigo Aranbarri.

Begia begi truk

2026ko otsailaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Behinola, ez genituen batere maite. Eta ugaritzen hasi zirelarik, barka eske legez zuritzen zuen bere burua administrazioak: ez ziren jendea kontrolatzeko, ezpada trafikoa jagoteko. 90eko hamarkada urrun hartan, bestelakoa zen giroa. Askatasunak asko balio zuen gaur aldean, Orwell aipatzen zen, izua genion une oro begipean nahi gintuen distopiari.

Ohartzerako, dena mudatua zen. Trafikoa oheraino sartu zitzaigun eta Anaia Handiak ez zuen disimulatu beharrik. Kontrolatuak geunden, baina horixe zen ordaina libre ibil gintezen. Denboragarrenera, geuk erraztu genion lana. Ez hartu nekerik, neuk esango dizut zertan nabilen, non eta norekin. Neuk eman diot baimena Googleri aplikazioak doan erabiltzearen truke.

Anartean, poliziak poliziarena egiten segitu du, hemen eta nahinon. Urtarrilaren 7an, Minneapolisen, ICEko agente batek Renee Good hiru tiroz kalitu zuelarik, biktimak hiltzailea gurpilpean harrapatu nahi izan zuela esan zuen gobernuak. Sarri zabaldu zen grabazioak erakutsi zuen ez zela egia. Handik egun batzuetara, «berunezko konpitez» josi zuten Alex Pretty erizaina. Pistola omen zeraman. Minneapolisen berriz. ICEk berriz. Berriz ere, bideo anonimo batek utzi zuen gezurra popa-bistan: Prettyk ez zeraman armarik, eraitsia zutela hil zuten.

Asteon, Iker Arana zauritu zuteneko bideoa zabaldu da. Ertzainen tiro baten ondorioz, barrabila galdu zuen gazteak Bilbon apirilean. Soin-kamerak zeramatzaten guztiek, baina, oi tamala!, bakar batek ez zuen deus jaso. Ertzainek zuzen jokatu zutela adierazi zuen Jaurlaritzak; agente salatuaren defentsak, aldiz, «Ikerrek kristalezko botilak jaurti zizkiela ertzainei». Orain, irudiek denak gezurretan aritu izan direla diote. Denak. Urtebetez.

Neure kautan kameren eta askatasunaren labirintoan galdurik nabilela, ez nukeen inoiz pentsatuko Oihenart bera etorriko zitzaidanik laguntzera: «Ganibet berbatek debaka ogia eta erhia». Alegia, ganibet berak ebakitzen dituela ogia eta atzamarra. Ez da txarra tatuaje hormonatu baterako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA