Sigmund Freudek Wilhelm Fliessi gutuna idatzi zion 1896ko azaroaren 2an, hil berri zitzaion aitaren doluaren kontura: «Zalantzarik gabe, honakoan, goiztiarrena zena iratzarri da. Orain deserrotzeko sentimendu sakon bat daukat».
Aitaren lurperatzearen osteko gauean izan zuen ametsa kontatu zion. Amets hura Ametsen interpretazioa liburuan ere kontatuko zuen, amets bera bi aldaeratan gainera: «Nire aitaren ehorztearen bezperako gauean arbel batekin egin nuen amets, horma-irudi batekin ala afixa batekin iragartzen zuena idatziz —trenen itxarongeletan egoten diren erretzeko debekua iragartzen duten plaken moduko bat zen— eta hantxe irakur zitekeen: Begiak ixtea erregutzen dugu ala Begi bat ixtea erregutzen dugu».
Esaldi horretan, euskal irakurleak betazalak jaisteko gonbita irakurriko du. Ikusgarria den mundutik alde egiteko gonbidapen bat da, Didi-Hubermanek adierazi bezala. Baina, antza, alemanezko die Augen zudrücken hori esateko, alemanez, beste aldaera bat erabiltzen da: die Augen schliessen. Zudrücken hori oso gogorra omen da, indarrez esan nahi du, kolpe bat jasotzen dugunean egiten dugun keinuaren moldekoa. Baina gainera, die Augen züdrucken horrek «hildako baten begiak ixtea» esan nahi omen du, ala, zentzu figuratuan, hiltzear dagoena azken uneetan laguntzea.
Didi-Hubermanek amets horren interpretazioa garatzen du; akaso, beste zutaberen batean kontatzen jarraituko dut. Baina aurreneko atala aski da, azken aldian hain sarritan sortu zaidan gogo horretaz aritzeko. Nardagarria den munduko eta gertuko panorama honetatik ihes egiteko gogoaz, ametsek bultzatuta egindako ia nahigabeko keinuaz. Ihes scroll amaigabetik, pantailan irakurri eta inon sustraitzen ez diren ideietatik, kudeatzera iristen ez naizen konpromisoetatik, langile jendearen etengabeko etxegabetzeetatik, gerratik, kapitalak diseinatutako inflaziotik. Ihes egin, sikiera, erdia ikusteari utzita, begietako bat gogor itxita.