Madrilgo Prado museoan, Jeronimo Boschen gelan bada, Atseginen baratzea ezagunaren ondoan, ezezagunagoa den beste artelan bat, Belar gurdia izenekoa, eta, aurrekoaren gai bera landu arren, arreta zuzenago piztu dizuna. Erdiko panelean giza saldo bat ikusten da, berdin herritar xehe berdin elizgizon, gurdi baten gaineko belar meta arpilatu nahian, norbere puska hartzeko xedez. Hala, gizakiaren plazer materialen izaera efimeroa salatu nahi izan zuen artistak. Horregatik islatzen du ondorengo panelak infernua, bekatuaren ondorio gisa. Ez zen ba moralista orduko artea: «Ez galdu denbora haragi jolas eta gozamenetan, ez du merezi lur gaineko bizitzak, geroko eternitateak baizik».
Zuk, ordea, 500 urte ondoren eta (ustez) moral kristautik librea, hedonismoa besarkatu nahiko zenuke, bizitzaren plazerak ardatz egin, azal eta mami, ondorenean pentsatu gabe, norberearekiko eta ingurukoekiko gozamen hutsean oinarrituz ezerez baten eta bestearen arteko paseo labur hau.
Baina orduan, auskalo ze moral garaikidek jota, edo zein barne arbitrori jaramon eginda, transzendentziaren ideiak zeharkatzen zaitu, lur gaineko egonaldi honi nolabaiteko justifikazioa eman nahi edo oinordekotza bat uzteko beharra, seme-alabetan ez bada beste nolabait behintzat. Moral berri(tu) bat, gogorarazten dizuna gazte zaren artean ibili zaitezkeela maitalez maitale, baina X urtetatik aurrera bat eta betiko, edo plantearazten dizuna ze kristo ari zaren barne ezbaiez idazten, goitik behera kolpatzen gaituzten arazo kolektiboz gainezka gauden bitartean.
Egunerokoan bizirik irauteko metatik belar puska bat hartzearekin nahikoa ez bagenu bezala.